Eskoriatzako Jose Arana egoitzan dagoeneko ez dago koronabirusak kutsatutako gaixorik

Eider Mendoza foru bozeramaileak aditzera eman duenez, zortzigarren egunez jarraian ez da heriotzarik ezta kasu positibo berririk egiaztatu Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Bestalde, adineko pertsona batek gehiagok gainditu du koronabirusa –Eskoriatzako Jose Aranan–, eta horrenbestez, une honetan ez dago koronabirusak kutsatutako gaixorik egoitza horretan. 

Gaur arte, 364 lagunek gainditu dute koronabirusa Gipuzkoako zaharren egoitzetan, 167 zendu dira eta 32k diagnostiko positiboarekin jarraitzen dute.

Zehazki, hauxe da egungo egoera Debagoieneko adinekoen egoitzetan:

  • Arrasateko Iturbide egoitzan 2 pertsonak dute koronabirusa, 26 hil dira eta 53 sendatu.
  • GSR Debagoienan 26 pertsonak dute koronabirusa, 6 hil dira eta beste 6 sendatu.
  • Eskoriatzako Jose Aranan bi positibo egon dira orain artean, eta biak sendatu dira.

Gauzak horrela, dagoeneko 12 egoitza dira COVID-19a atzean utzi dutenak: Tolosako Iurreamendi, Eibarko Egogain, Irungo Caser Residencial Anaka, Zarauzko Santa Ana, Hondarribiko Caser Residencial Betharram, Zumaiako Otezuri, Donostiako Aita Etxe, Beasaingo Arangoiti, Donostiako La Paz, Ordiziako San Jose, Zumarragako Argixao eta Eskoriatzako Jose Arana.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.