Uztailaren 12an egingo dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Uxue Igarza Loiola 2020ko mai. 18a, 16:07

Iñigo Urkullu lehendakaria hauteskundeen dataren berri emateko agerraldian.

Hauteskundeak egiteko Euskal Autonomia Erkidegoa larrialdi egoeratik atera beharko da, eta Urkulluk azaldu duenez, bihar bertan izango da hori. Horrela, "kontrol eta ikuskatze fasean" sartuko da EAE. Bestetik, hauteskunde kanpaina ekainaren 26tik uztailaren 10era bitartean egitea aurreikusi du Lehendakariak.

Pandemia egoera "hobera" egiten ari dela-eta, hauteskundeak uztailaren 12an egiteko erabakia hartu du Lehendakariak, oposizioa horren aurka agertu den arren. Urkullu Gobernu Kontseiluaren ezohiko bileraren buru izan da gaur, eta horren ostean eman du berria.

Bozka emateko herritarrek "osasun berme guztiak" izango dituztela azaldu du, eta uztaila horretarako data aproposena dela: "Udazkenari lotutako ziurgabetasunen aurrean, osasun publikoaren txostenak uste du uztaila garai egokia izan daitekeela hauteskundeak deitzeko. Gainera, hala, udazkeneko aukera zabalik geratuko litzateke". Bestetik, abstentzioaren inguruko kezkarik ez duela esan du kazetarien aurrean: "Hiritar orok jakin behar du berme guztiak izango dituela; eta abstentzioarena baino, agian kontrako efektua izango du horrek".

Oposizioa hasieratik Urkulluren erabakiaren kontra agertu da. Orain arte egin diren Alderdien Mahaietan, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek zorrotz kritikatu dute Lehendakariaren asmoa, eta "arduragabekeriaz jokatzea" eta "gainerako alderdien iritzia kontuan ez hartzea" leporatu izan diote. Urkulluk horri erantzunez, data aproposagoa sostengatzen duen daturik ez dagoela esan du gaur.

EH Bilduk Lehendakariaren agerraldiaren harira balorazioa egin du, eta hauteskundeak egitearen arrazoia "interes elektoral eta alderdikoiak" babestean datzala adierazi du. Bestetik, oposizioak bestelako proposamenak egin izan dituela ere esan du, baina Urkulluk "erabakia lehendik hartuta" zuela uste dute EH Bilduko kideek. Bukatzeko, hauteskundeen aurreko egoeran ere erabakiak eragina izango duela pentsatzen dute: "Zailtasun handiak izango dira hauteskunde-kanpainan aukera-berdintasuna bermatzeko, eta zailtasunak izango dira herritarrek beren botoaren zentzua hausnartzeko".

Osasun bermerik gabe, hauteskunderik ez

Oraindik 54 egun falta direla esan du Urkulluk, eta beraz, hauteskunde-eguna iritsi orduko egoera "hobea" izango delakoan dago: "Oraindik ia bi hilabete falta dira, eta aurreikuspenak betetzen badira, 4. fasea bukatuta egongo da ordurako". Halere, egoerak okerrera egingo balu, Lehendakariak ez du beste datarik finkatu, baina hauteskundeak urriaren 25a baino aurretik egin behar direla zehaztu du: "Uztailak berme guztiak ditu. Gainera, osasun-larrialdia eragin zuten baldintzak berriro gertatuko balira, urriaren 25a baino lehen beste aukera bat izango genuke ".

Hauteskundeak deitzea garrantzitsua dela azpimarratu du Urkulluk legealdia bukatuta dagoelako: "Gobernu eta legebiltzar berriak behar ditugu osasun eta erronka sozioekonomikoari heltzeko. Beharrezko diren legeak eta erreformak onartuko dituen legebiltzarra lanean behar dugu horretarako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak