Tokikoa inoiz baino baloratuago, baita komunikabideak ere

Jone Olabarria 2020ko mai. 17a, 22:00

'Zero kilometroa' deritzona da tokiko produktua edo gertuko produktua. Horixe da tokiko komunikabideak eskaintzen dutena, gertuko produktua. Orain, inoiz baino gehiago, komertzioek eta komunikabideek bat eginda jardutea bereziki da garrantzitsu. Gertuko komunitatea = tokiko komertzioa + tokiko hedabideak.

Herrietako denda txikien urteetako aldarrikapena den arren, koronabirusak eragindako krisi sozialak azaleratu baino ez du egin beharra; tokiko merkataritza da herrien bizia eta indarra. Herritarrek ez dute inoiz hainbeste baloratu tokikoa, gertukoa, zero kilometroko produktua. Komunitatea sortu eta komunitate hori mantentzeko ezinbesteko tresna dira merka- tu txikia eta baserritarren produktuak, baina horiek guztiak ahalbidetuko dituen sare eta komunikaziorako tresna sendoen beharra ere sentitu du gizarteak berrogeialdian.

Azken asteetako datuek azaltzen dutenez, telebista eta komunikabide digitalak izan dira COVID-19 gaitzaren hedapenak eragindako konfinamenduak herritarrek aukeratutako informazio eta entretenimendu aukera nagusiak. Informazio benetako, ziur eta kalitatezkoaren beharra sekula baino beharrezkoagoa den honetan, beste behin, tokiko komunikabideek eskaintzen duten gertuko produktuaren balioa azaleratu du egoerak.

Iban Arantzabal Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari nagusiak eman ditu gakoak bere blogean.

Gurean eragiteko tresna

Hori da, hain zuzen ere, Goiena Komunikazio Taldearen kasua. Iazko martxo eta apirileko webguneko bisitak 2020ko hil berekoekin alderatuta %75 igo dira. Iban Arantzabal Goiena Komunikazio Taldeko zuzendariaren arabera, gertuko eta sinesgarria den produktua eskaintzean dago tokiko komunikabidearen arrakasta: "Etxe ondoko informazioa eskaintzen dugu, zure ezagunek idatzitako istorioak edota zuk zeuk kontatutakoak. Gure lerroetan irakurriko dituzunak dira zero kilometroko edo gertutasuneko gaiak. Zero kilometrora izango da zuretzako eta baita ingurukoendako ere".

Tokiko merkataritzarekin gertatzen den bezala, toki komunikabideek ere bertan sortu, banatu eta kontsumitu daitekeen kalitatezko produktua jartzen dute herritarren eskura: informazioa. Hain zuzen ere, komunikazioaren burujabetzaren garrantzia azpimarratu du Arantzabalek, are gehiago gutxitua den hizkuntza komunitate batean: "100 kilometroren bueltan baduzu mezua zabalduko dizun komunitatea, 1.000 edo 10.000 kilometrora ere mezua helaraziko dizuna. Komunitatea eratuz elkar zainduko dugu eta, kontrara, zenbaki bat baino ez zara izango multinazionalendako. Zure datuez jabetu eta aprobetxatuko dira, erreparorik gabe".

Multinazionalen prezioa

Hain zuzen ere, multinazionalek gure esku jartzen dituzten tresna horien gaineko hausnarketa egitera animatu ditu debagoiendarrak: "Zabalkunderako egokiak izan daitezken arren, edukiak partekatzeko zalantza gehiago sortzen dute. Ondo

doakionari zer egin esateko ez gara inor, beti da norbere erabakia. Askotariko kasuak daude, eta bereizgarri askorekin. Pentsa dezagun, baina, ezer ez dela gratis et amore".

Are adierazgarriagoa egiten da adibidea komertzioen publizitatea tartean dagoenean: "Instagram, Facebook eta Whatsappen jabea berbera da eta erabili egiten du komertzio txikia bere mesedetan. Paretik kendu eta egunen batean bezeroarengana zuzenean heltzea izango luke. Epe motzekoa da lilura, eta ahal duenean soineko hori 

edo zapata horiek berak eskainiko dizkio bezeroari, ez herriko komertzioak. Harrotu egingo da merkeago eta etxeko atera eramango duela esanez, gainera".

Sare propioaren balioa

Jarrera horiek ekiditeko, nor- berak kontrolatuko duen bezeroen datu basea osatzeko dei egin du: "Egin publizitatea herriko komunikabideetan, erabili zure kanal propioak, topatu mezularitza zuzena zure bezeroekin, izan burujabe. Ez zara damutuko. Gauza bera geratzen da kontatu nahi duzun horrekin; edukiak bertako zerbitzarietan, bertako paperezko prentsan, bertako telebistan, hemengo webguneetan, komertzioaren webgunean...".

Euskara ardatz

Hogeita hamar urtean lan egin da euskarazko publizitateak gaur duen agerikotasuna izateko; euskara gertukoago da, sinesgarriago eta fidagarriagoa. "Zeinek imajinatuko luke 2020a euskarazko publizitaterik gabe? Zaila egiten zaigu... Ba, hori ez du lortu Facebookek, hori ez du eragin kioskoetan dituzuen 100 argitalpenetatik 99k, ez du egin Amazonek". Tokiko komunika- bideek 30 urtean osatutako materiala lizentzia librepean uzteko lan egiten ari direla gogorarazi du: "Aspalditik sortzen dugun guztiak du lizentzia librea. Herritik sortua, herriarekin egina eta herritarrena da gure proiektua".

Youtube, Facebook edo Instagramek ateak itxiz gero gaur egun bertan gordetakoa galtzeko arriskua ere azpimarratu du. Gogorarazi du plaza publiko rola hartu duten arren, hori ez dela sare sozialen interesa, eta "diruaren mesedetan" lan egiten dutela: "Ezkutuko erabilpena egiten dute gure datuekin".

Arantzabalen ustez, norberaren erantzukizuna da "munstroari" jaten eman edo herrietako komunikabideekin bat egitea: "Gure ardura den moduan herriko dendetan erostea edo baserritarrei erostea zuzenean zein merkatuetan". Gertuko komunitatea tokiko komertzioek eta tokiko komunikabideek eratuko dutela azpimarratu du: "Elkar zainduko duen komunitatea sortuko dugu: herritarrak eta kazetariak; komertzialak eta komertzioak; merkatuak eta komunikabideak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak