Gorabeherarik gabe jarraitzen dute bailarako zaharren egoitzek

Maialen Santos 2020ko maiatzaren 15a

Azken egunetako joerari jarraiki, gaur ere ez da egon heriotzarik ezta COVID-19 positibo berririk Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Bestalde, lagun batek gehiagok gainditu du gaixotasuna azken orduetan; Donostiako Berra egoitzan. Gauzak horrela, azken orduetan ez da gorabeherarik egon Debagoieneko zaharren egoitzetan.

Eider Mendoza foru bozeramaileak aditzera eman duenez, bosgarren egunez jarraian ez da kasu positibo berririk ezta heriotzarik atzeman Gipuzkoako egoitzetan. Horretaz gain, adierazi du beste adineko bat sendatu dela azken orduetan; Donostiako Berra egoitzan.

359 adineko, sendatuta

Orain artean 359 adineko pertsonek jaso dute mediku alta, 167 zendu dira eta 32k jarraitzen dute diagnostiko positiboarekin. Beste alde batetik, bost dira egun kasu positiboak dituzten zentroak. Koronabirusa atzean utzi dutenak, aldiz, hamaika egoitza dira: Tolosako Iurreamendi, Eibarko Egogain, Irungo Caser Residencial Anaka, Zarauzko Santa Ana, Hondarribiko Caser Residencial Betharram, Zumaiako Otezuri, Donostiako Aita Etxe, Beasaingo Arangoiti, Donostiako La Paz, Ordiziako San Jose eta Zumarragako Argixao.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak