Telefono zenbakiak
Osakidetzak Debagoieneko osasun zentroetako telefono zenbakiak (Oñati, 943 03 54 30; Bergara, 943 03 54 00; Arrasate, 943 03 52 50; Aretxabaleta, 943 71 19 59 eta Eskoriatza, 943 71 44 52) gogorarazi ditu Debagoieneko Ospitalekoarekin batera, (943 03 53 00) sintomak dituzten herritarrek osasun zentroetara edota ospitalera joan aurretik telefono horietara deitu dezaten.
Pazienteak eta laguntzaileak
Herritar batek osasun zentrora edota ospitalera joan behar badu, bakarrik edota laguntzaile bakarrarekin joateko aukera izango du. Laguntzaile hori gainera, COVID-19aren sintomak ez dituen pertsona bat izan beharko da.
Herritarrek eskuen higienea zaindu beharko dute, ospitalera iristean zein handik irtetean. Eskularruak jantzita eramaten dutenek ere eskuak garbitu beharko dituzte.
Maskarari dagokionez, berau ondo jarrita eramatea gomendatzen da horretarako, sudurra eta ahoa estalita egon beharko dira. Maskararen inguruko baldintzak, honako hauek dira: maskarak balbularik gabekoa izan behar du; bi urtetik beherako haurrek, arnasa hartzeko arazoak dituztenek, konorterik gabe edo ezgaituta daudenek eta maskara laguntzarik gabe kendu ezin dutenek, ezingo dute maskara erabili; eta, maskara eskuekin ez ukitzea gomendatzen da.
Osasun zentroetara joan behar duenak, maskara jantzi beharko du, eskuak garbituta eraman, segurtasun-tartea gorde eta medikuak ezarritako orduan joan. Behin osasun zentroan egonda, igogailuan erabilera mugatzeko arauak errespetatu behar dira, ez da gomendatzen eskuekin agurtzea eta debekatuta dago zentroko instalazioetan paseatzea.
Ingresatuta dauden pazienteak
Ospitalean dauden pazienteekiko ere hainbat gomendio eman ditu Osakidetzak: pazientea bere gelan bakarrik badago maskara kenduta izan dezake, baina logela beste norbaitekin partekatzen badu segurtasun-distantzia mantendu beharko du; pazientea ezingo da gelatik irten medikuak aginduta ez bada eta kasu horretan, maskara ondo jarrita irten beharko da; paziente bakoitzak laguntzaile bakarrarekin egoteko aukera izango du eta pertsona horrek sintomak baditu ezingo da ospitalean sartu.