Herrietako koronabirusaren datuak emateari utzi dio Jaurlaritzak

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko mai. 15a, 08:58

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egunero argitaratzen duen informazio buletinak murrizketa nabarmena izan zuen atzo. Irizpideak aldatu eta ohiko 19 orrialdetatik 8ra aldatu zuten txostena, tartean, herrietako kutsatuei buruzko informazioa kenduz. Aurreratu dutenez, hala jarraituko du izaten datozen egunetan ere, hau da, ez dute herrietako daturik emango.

"Epidemiaren joerak positiboa izaten jarraitzen duenez, emandako datuak egoerara egokitzen" jarraituko dutela jakinarazi du Osasun Sailak, eta beraz, datozen egunetan buletinean "aldaketak" egin ahal izango direla. Adierazi dute gainera, "behar bezala" emango dela aldaketa horien berri. Izan ere, atzo bat-bateko aldaketak ezustean harrapatu zituen hedabideak, eta askok eman dute horren berri. Prentsak ez ezik, herritar ugarik eskatu dute sare sozialen bitartez tokiko informazioa ematen jarraitzeko.

Gainera, Open Data Euskadiko datuak ere ez zituzten eguneratu, eta beraz, komunikabideek ezin izan zuten grafikoak osatzeko informazioa deskargatu. Datu horiekin eguneratzen da Euskadi.eus-eko grafikoen orrialdea ere, baina Open Datako informazioaren faltan, maiatzaren 12ko datuak dira eskaintzen diren azkenak. 

Tokiko informazioa

Alarma egoera hasi zenetik, Goienak eskualdeko gaixoen datuen jarraipena egin du egunero, Jaurlaritzaren txostenaz eta Open Datako datuez baliatuta. Koronabirusaren datuak jasotzen dituen orrialde berezian informazio osatua eta garbia eskaintzeko asmoarekin, grafiko eta mapa ugari erakusten ditu Goienak. Orrialde horretako datu gehienak gertuko informazioan oinarritzen dira, hau da, herrietakoan. Baina informazio hori izan ezean, udalerrietako egoeraren berri ematen duten mapak eta grafikoak ezingo dira eguneratu.

Esfortzu handia egin da Tokikomekin batera gertuko informazioa modu garbian emateko, azken egunetan mapa berriak ere gehitu dira; datu orokorretatik harago, bailarako egoera eta eboluzioa ikusarazteko. Herritarrek ere eskertu dute egindako lana, izan ere, egunero egunero, bisitatuenen artean egon dira bai grafikoen orrialdea, eta baita, azken datuen albistea ere.

Gaurko prentsa agerraldian Jaurlaritzak irizpide aldaketari buruzko informazio gehiago ematea espero da. Hala ere, aurreratutakoaren arabera, ez dirudi herrietako datuak ematen jarraitzeko asmorik dutenik; ezta osasun eremuetakoa ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak