Laugarren egunez, zaharren egoitzetan ez da kutsatu berririk izan; ezta heriotzarik ere

Maider Arregi 2020ko mai. 14a, 18:00

Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi du, laugarren egunez jarraian, Gipuzkoako zaharren egoitzetan ez dela COVID-19 kasu berririk antzeman; ezta heriotzarik ere; eta 10 lagun gehiagok gainditu dutela gaixotasuna. Gaineratu du desinfekzio lanekin jarraitzen dutela eta Arrasateko Iturbide eta Aita Menni egoitzak desinfektatu berri dituztela.

Gipuzkoako bi zentro gehiago geratu dira COVID-19az libre: Ordiziako San Jose eta Zumarragako Argixao. Hurrenez hurren, bost eta hiru lagunek jaso dute senda-agiria. Baita Eibarko San Andres egoitzako bi egoiliarrek ere. Beraz, jada 11 dira birusa atzean utzi duten egoitzak eta kasu positiborik ez dutenak. Zentro horiek dira: Tolosako Iurreamendi, Eibarko Egogain, Irungo Caser Residencial Anaka, Zarauzko Santa Ana, Hondarribiko Caser Residencial Betharram, Zumaiako Otezuri, Donostiako Aita Etxe, Beasaingo Arangoiti, Donostiako La Paz, Ordiziako San Jose eta Zumarragako Argixao.

358 egoiliar sendatuta

Gaur gaurkoz, 358 dira mediku alta jaso dutenak; 167 zendu dira eta 33k dute koronabirusa.

Bozeramaileak adierazi du "beste egun batez, oso berri onak iritsi zaizkigu egoitzetatik", hala ere, gaineratu du “zuhurtziaz eta arduraz" jarraitu behar dela lanean gaixotasun honen aurrean zaurgarrienak diren pertsonak babesteko. Bestalde,  egoitzetako lantaldeak eta osasun langileak egiten ari diren lan "nekaezina" eskertzeaz gain, esker on mezu hori zabaldu die egoitza zentroetako garbiketa eta desinfekzio lanean ari direnei. Azken egunetan berriro desinfektatu dituzte Arangoiti (Beasain), Iurreamendi (Tolosa), Argixao (Zumarraga), Santa Ana (Zarautz), San Juan de Dios (Arrasate), San Jose (Ordizia), Iturbide (Arrasate) eta Otezuri (Zumaia).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak