Hirugarren egunez jarraian, heriotza eta positibo berririk ez adinekoen egoitzetan

Maialen Santos 2020ko mai. 13a, 18:11

Azken bi egunetako joerari jarraituta, gaur ere ez da egon heriotzarik ezta koronabirus kasu positibo berririk Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Bestetik, bederatzi lagun gehiago sendatu dira, -horietako bat Arrasaten- eta horrenbestez, 348 dira Gipuzkoako egoitzetan dagoeneko gaixotasuna gainditu dutenak.

Eider Mendoza foru bozeramaileak jakitera eman duenez, hirugarren egunez jarraian ez da kasu positibo berririk ezta heriotzarik atzeman Gipuzkoako egoitzetan. Horretaz gain, adierazi du bederatzi lagun sendatu direla azken orduetan: Arrasateko Iturbiden (+1), Donostiako Berran (+1), La Pazen (+1), Aita Etxen (+1), Zarauzko Santa Anan (+1), eta Eibarko Egogainen (+4).

Hona hemen Debagoieneko egoitzetako datuak, gaur gaurkoz:

  • Arrasateko Iturbiden 2 kasu positibo daude, 53 sendatu dira eta 26 heriotza izan dira.
  • Aretxabaletako GSR Debagoienan 24 positibo daude, 4 sendatu dira eta 6 heriotza izan dira.
  • Eskoriatzako Jose Aranan positibo bat dago eta beste bat sendatu da.
  • Oñatin eta Bergaran ez dago positiborik ez.

Gaur arte, 348 adineko pertsonek gainditu dute gaixotasuna, 167 zendu dira eta 43k jarraitzen dute diagnostiko positiboarekin. Horretaz gain, dagoeneko bederatzi dira birusa atzean utzi duten zentroak eta zazpi dira egun COVID-19 kasu aktiboak dituzten egoitzak.

"Normaltasun berrirako" plana diseinatzen

Gipuzkoako egoitzetako egoeraren bilakaera “oso positiboki” baloratzeaz eta egoitzetako ekipo profesionalen eta osasun langileen lana “biziki” eskertzeaz gain, bozeramaileak iragarri du, Gizarte Politiketako Departamentua lanean ari dela gizarte zerbitzuen arloko Konfinamendua Arintzeko Plana diseinatzen. Birusari aurre hartzeko neurriak ere modu planifikatuan txertatu zirenez plan baten baitan, beharrezkoa ikusi da “normaltasun berrira” igarotzeko bidea ere beste plan baten bidez egitea, eta lehentasunezko helburutzat dauka “foru eskumeneko zerbitzuen prestazioa pixkanaka berreskuratuko dela bermatzea, modu koordinatu, antolatu, koherente eta prebentiboan, erreferentzia gisa harturik zerbitzuak eskuratzeko bermea, eskubide unibertsal gisa, eta osasun publikoaren babesa”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak