Bestetik, lanera edo eskolara joateko, edo beste salbuespen kasuetan soilik baimenduko ditu herrialde barruko mugimenduak. Halere, EAEko hiru lurraldeen arteko mugikortasuna bermatuta egongo da mugakide diren herrien artean eta salbuespeneko aktibitate sozioekonomikoetarako. Hori litzateke Aramaio eta Arrasateren kasua.
Eusko Jaurlaritzak "mugatu eta zorroztu" egingo du Espainiako Gobernuaren Estatuko Aldizkari Ofizialak gaur goizean lehen fasearen gaineko xehetasunekin argitaratutako idatzia. Hala, Eusko Jaurlaritzako sailburu Arantza Tapiak eguerdian jakinarazi duenez, pertsonen mugimendua udalerri barrura mugatuko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta soilik lanera edo eskolara joateko bidaietarako eta beste salbuespen kasu batzuetan baimenduko du udalerritik ateratzea.
Tapiak azaldu du gainera, langile publikoak poliki-poliki hasiko direla lanera bueltatzen, hiru talde izan ezik: arrisku taldeetan dagoen jendea, mendekotasun bat duen pertsona baten kargu dauden herritarrak eta telelanean ari direnak. Bestetik, maiatzaren 18tik aurrera berrekingo zaie eskolei, apurka. Ikastetxeetara itzultzen lehenak bigarren batxilergoko ikasleak izango dira. Bestetik, segurtasun eta babes neurriak etengabe zaindu behar direla ere ekarri du gogora eta bi metroko distantzia mantendu ezin daitekeen guneetan, beti, maskarak erabiliko direla.
Kirol profesional eta elitekoari dagokionez, 0 fasean zehaztutako baldintza berdinetan izaten jarraituko du maiatzaren 11tik aurrera ere. Kultura, aisialdi eta turismo establezimenduek itxita jarraituko dute, horrek probintzia barruko mugikortasunean eragina izatea saihesteko.
Bisitak baimenduko dira ospitaleetan
Bestetik, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak aurreratu du, bisitak baimentzen hasiko direla ospitaleetan, betiere, COVID-19 kasurik ez dagoen guneetan. Beti pertsona berdinaren bisita jasoko du pazienteak eta hainbat irizpide hartuko dira kontutan horiek baimentzen hasteko. Besteak beste, gaixoaren adina eta zaurgarritasuna; egoera emozionala edo ospitalean egongo den denbora.