Astelehenean, maiatzaren 11n, jarriko da indarrean egoera berria. Konfinamendua arintzeko lehen fasean lehengoak izango dira kalera ateratzeko ordutegiak. Halere, Erkidegoek eskumena izango dute haurrak ateratzeko ordutegia egokitzeko beren egoera klimatologikoaren arabera.
Salvador Illa ministroak herritarrei eskerrak ematen hasi du agerraldia, "haiei esker lortu baita kurba makurraraztea". Hala, pandemiaren hasierako egunetan gaitzaren hazkundea %35ekoa zela egunean eta, orain, hazkunde hori %0,5etik beherakoa dela gogora arazi du. Azaldu duenez, helburua, orain, lortutakoa kontsolidatzea da, eta bide horretan zuhurtziaz jokatzea ezinbestekoa. Erabakiak komunitateekin kogobernantzan hartu direla azaldu du Illak eta autonomia erkidegoek proposaturiko proposamenen %83 hartu dituztela kontuan.
Diziplina soziala eskatu du Illak
Espainiako Osasun Ministro Illak diziplina soziala inoiz baino beharrezkoagoa dela nabarmendu du. Hala, distantzia soziala mantentzea, eskuak sarri-sarri garbitzea, espazio publiko eta pribatuen desinfekzioa behar bezala egitea eta garraio publikoan maskarak erabiltzea derrigorrezkoa dela berretsi du.
Uneren baten, komunitateek faseak gainditzeko ezarritako irizpideetan atzera egingo balute, faseetan atzera egitea posible dela ere esan dute.
Neurri berriak
Bihar argitaratuko duten Estatuko Aldizkari Ofizialak jasoko ditu lehenengo fasearen gaineko xehetasunak, baina aurreratu dute, besteak beste, gehienez 10 pertsonako topaketak baimenduko direla, 400 metro koadrotik beherako lokal txikiek zabaldu ahal izango dutela edukieraren %30 izango dutelarik baimenduta edota ostalaritza establezimenduek %50ean irekitzeko aukera izango dutela, mahai bakoitzean ezin izango direlarik 10 pertsona baino gehiago elkartu. Gainera, liburutegi, museo edo lokal turistikoek ere ireki ahal izango dituzte ateak.