Alarma egoera ezarri zenetik 50 egun baino gehiago dira, harrezkero ez da zuzeneko ikuskizunik izan aretoetan. Kulturgintza arloko enpresa, areto, komunikabide eta bestelako eragile batzuk hasi dira zuzeneko streaming saioak egiten.
Bertsoak ere, 'online'
Bertsozale Elkarteak aurreko asteburuan abiatu zuen Lanku Kultur Zerbitzuen bidez Plaza ekimena, eta hitzartuta zeuden bertso saioak online eskaintzen hasi dira horrela. Informazio gehiago, Bertsozale.eus atarian.
Aretoak ere hasi dira ateak zabaltzeko lehen saiakerak egiten, eta Gasteizko Jimmy Jazz- ekoek zuzeneko streaming kontzertua iragarri dute ekainaren 6rako: Bergarako Brigade Loco eta Arrasateko Arkada Social taldeekin, besteak beste.
Bilboko telebista eta ekoiztetxe bana apirilean hasi zen SalaBBK Etxean saioa eskaintzen, publiko bako aretoan grabatutako antzerki eta kontzertuekin osatuta. Goiena telebistan bertan asteburuan izango da saioa ikusgai, 22:00etan: egubakoitzean, Ghero antzezlana; zapatuan, Eñaut Elorrietaren kontzertua; eta domekan, Zetak taldearena.
'Zu(z)enean': aukera berri bat
Askotariko kultura ekitaldiak eta jaiak antolatzen eta hainbat musika talderen manager lanak egiten dituen Bidean Produkzioak-eko Haritz Zubiate arrasatearrak kontatu du kulturgintza sektorea berpizteko eta ar- loko profesionalen lan-jarduera eta baldintza duinak bermatzeko helburuarekin sortu dutela Zu(z)enean ekimena. "Ekitaldiak zuzenean eta streaming-ean emititzeko ziklo bat eratu nahi dugu, erdigunean jarrita sortzaileak eta arloko bestelako profesionalak. Formula zehatzak bilatzen ari gara, eta gure asmoa da erakunde publikoek –udalek ere bai– jaietarako eta kulturarako duten aurrekontuaren zati bat, behintzat, horretan mantentzea, eta hortik ere finantzaketa bat jasota, kultur arloko profesional guztien lan baldintza duinak bermatuta, kalitatezko emaitza profesionala eskaintzea".
'ZU(Z)ENEAN' EKIMEN BERRIAK KULTURA PIZTEA DU HELBURU, LAN BALDINTZA ETA EMAITZA DUINEKIN
Bidean-ekoek abiatu duten egitasmoa dagoeneko beste hainbatek sostengatzen dutela gaineratu du Zubiatek: "Gurekin lan asko egiten duen argi eta iluminazio diseinatzaile batekin elkartu ginen hasteko, eta poliki-poliki proiektua handitzen joan da eta orain lau enpresa gaude Zu(z)enean ekimenean; hala ere, ezinbesteko ikusten dugu erakundeen inplikazioa; izan ere, erakundeek aurrera-pauso bat eman behar dutela uste dugu, sektorean aktibazio bat egon dadin; hortaz, laster, proiektua erakundeetara aurkeztuko dugu, eta Goienarekin ere elkarlana adosten ari gara horren guztiaren komunikazioa eta hedapena egiteko. Sortzaileekin lehenbailehen batzea da asmoa, argi daukagu-eta horiek mimatu beharra daukagula".
Herriko eragileekin elkarlanean
Fase ezberdinetan oinarritutako programazio bat diseinatu dutela kontatu du Oñatiko Kultura zinegotzi Iñaki Olaldek: "Uda bukatu bitarteko agenda esku artean daukagu, eta zuzeneko ekitaldietan zentratzen ari gara; ez dugu baztertzen streaming bidez zabaltzea. Aretoetan eta kanpoan egin nahi ditugu. Aurrez herriko beste eragile batzuek –auzoetako jaiak, esaterako– bertan behera utzi dituzten kontratazioek tokirik duten jada aztertu dugu, eta harremanetan gaude artistekin, baita Kalean programa osatzen, kartela diseinatzen eta egutegia lotzen".
Astean egin duten Neurri Berezien Mahaiaren batzarrean, EAJk "kultura sektoreko herritarrei laguntzeko foro bat sortzea" proposatu dio Udal Gobernuari, "elkarlanean, erabakiak eta neurriak hartzeko".
Barruko denboraldia amaitzen
Debagoienean ere, ekainean ixten dituzte aretoak eta kalera ateratzen dute kultur eskaintza."Informazioaren zain gaude, eta ditugun aukerak aztertzen; hala ere, zalantzak ditugu gauden garaian gaudelako merezi duen antzokia zabaltzea. Udazkenerako atzeratu dugu aretorako aurreikusitako guztia. Jaietako ekitaldiei eta uztaileko Udazabal programari ze irtenbide eman ari gara, bereziki, lantzen", azaldu du Arrasateko Kultura teknikari Jon Garaik.
Aretxabaletako alkate Unai Elkorok dio ez dutela "ezer erabakita kultura arloan, baina kaleko ekitaldiak egitea" lehenesten dutela, eta gaineratu du: "Beste era batera, baina Andramaixak egiteko asmoa dugu".
Musikarien proposamena
Bergarako Seminarixoan programatutakoak urte bukaerarako eta datorren urte hasierarako atzeratu dituztela dio Maider Osa Kultura teknikariak: "Zuzeneko streaming saioak egiteko aukera aztertzen ari gara, herriko musika talde batek ere proposamen hori egin digu; eta ari gara, era berean, kontratatuko sortzaileei aurrez ordaintzeko aukera ere aztertzen".
Kultura-zaleak, gosez
Streaming bidez bada ere, orokorrean, zuzenekoen gogoz daude kultura-zaleak; hala ere, badira zalantzaz ikusten dutenak ere, jendeak areto barruan sartzeko gogo gutxi izango duelakoan. Ederra litzateke, baina, etxeetatik erakutsi den kulturarekiko gosea agertokien bueltan ere erakustea.