Erlijio ospakizunetarako erabiltzen diren guneek ateak irekitzeko baimena dute astelehenetik, hainbat baldintza beteta. Leintz barrutiko kideek aditzera eman dute Aretxabaletako eta Eskoriatzako parrokiak ireki egingo dituztela, horretarako zehaztutako neurriak hartuta. Elizan sartzerakoan, sarrerako mahaitxoan egongo den gel hidroalkoholikoarekin eskuak igurtzi beharko dituzte herritarrek. Era berean, emango den diru laguntza mahaian bertan dagoen saskian utzi beharko dute. Horren gaineko argibideak ematen egongo dira hainbat boluntario elizaren sarreran.
50 bat lagunendako tokia
Aretxabaletari dagokionez, astegunetako mezak kaperan esan izan dituzte; hemendik aurrera, parrokiaren espazio handian izango dira, herritarren artean distantzia handiagoa bermatze aldera. Aretxabaletan zein Eskoriatzan 50 bat lagunendako lekua egongo dela uste dute, eta aulkietan adierazita egongo da non eseri behar diren.
Elizkizunak ohiko egunetan eta ordutegian esango dituztela iragarri dute; hau da, astelehenetik egubakoitzera bitartean 19:00etan –Andoni Illarramendi parrokoak astelehenean Aretxabaletan esango du, eta martitzenean, Eskoriatzan–, zapatuetan ere 19:00etan, eta domeketan, 11:30ean Eskoriatzan, eta 12:30ean, Aretxabaletan. Leintz Gatzagan ere esango dute meza maiatzeko domekatan, hilaren 17an hasita; 12:30ean izango dira.
Elizkizunetan parte hartzeko maskara eta eskularruak jantzita joatea gomendatu dute.
Hiletarik oraindik ez
Oraingoz ez dutela hiletarik egingo argitu du Andoni Illarramendi parrokoak. "Itxaron egingo dugu ondo antolatzeko. Eta familiekin eta abesbatzarekin adostuko dut noiz eta zelan egingo ditugun".