Beste hamar positibo Debagoienean; horietatik sei Arrasaten

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko mai. 6a, 14:18

Egunez eguneko positibo kopurua herrika. (Grafikoa: Tokikom)

Azken egunetako zenbaki apalean ostean, gaur igoera nabarmena egon da Debagoienean: hamar positibo. Sei Arrasaten atzeman dituzte, bi Aretxabaletan eta bana Bergaran eta Elgetan. Honenbestez Debagoienak 400eko langa gainditu du; COVID-19ak 403 pertsona kutsatu ditu dagoeneko bailaran. Hego Euskal Herrian ere positiboek gora egin dute, PCR probetan 73 positibo atzeman dituzte eta positiboak guztira 500 izan dira.

Debagoienean positibo berriak gora

Hamar positibo berri egun bakarrean. Maiatzaren 1ean ere zortzi positibo atzeman zituzten baina gainontzeko egunetan nahiko zifra baxuak izan dira bailaran baieztatutakoak. Eta beste egun batez, igoera nabarmenena Arrasaten izan da: sei positibo. Aretxabaletan ere bi kasu berri atzeman dituzte eta bana Bergaran eta Elgetan. Apirilaren 13tik baieztatutako bi positiborekin mantentzen zen Elgeta.

Guztira, 403 pertsonei atzeman diete birusa Debagoienean. Herri arteko banaketa honela gelditzen da: Arrasaten 235, Aretxabaletan eta Bergaran 49, Oñatin 48, Eskoriatzan 13, Antzuolan 4, Elgetan 3, Aramaion 2 eta Leintz Gatzagan 0.

Honenbestez, ondorengo mapan ikus daitekeen moduan, Arrasaten 1.000 biztanletik ia 11 kutsatu ditu birusak, Aretxabaletan ia 7, Oñatin 4, Bergaran eta Eskoriatzan 3, Elgetan ia 3, Antzuolan ia 2 eta Aramaion 1.

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Proba gehiago egin dituzte azken egunean, eta horrekin batera baieztatutako positiboek ere gora egin dute. EAEn atzo, 20:00ak arte, 8.618 test egin zituzten guztira: 4.637 PCR proba eta 3.981 test azkar. Probak, guztira, 3.400 lagunei egin zizkieten.

PCR proben bidez 43 positibo identifikatu zituzten EAEn, eta 30 Nafarroan. Test horien bidez, proba egiterako momentuan birusa duten pertsonak identifikatzen dira, eta horiek 73 izan dira Hego Euskal Herrian. Baina test azkarren bidez, orain arte zenbatuta ez zeuden 427 positibo atzeman dituzte atzoko egunean zehar. Test serologikoek "pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen ditu proba horrek, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezake". Honenbestez, Hego Euskal Herrian dagoeneko 23.449 pertsona kutsatu ditu COVID-19ak.

Azken egunean EAEn kutsatutakoen profilari dagokionez, gehiengoa emakumezkoak izan dira. Horretaz gain, 40-49 eta 50-59 adin tarteetan egon dira kutsatu gehien. Jarraian, gazteagoen bi talde ditugu; 30-39 eta 20-29. Probak egin dizkietenen artean, gutxien kutsatu direnak adineko pertsonak eta umeak daude azpiko grafikoan ikus daitekeen moduan.

Datu metatuetan ere, emakumeen artean egon dira kasu gehien Euskal Autonomia Erkidegoan; kasu guztien %61,6a. Adinari dagokionez, 40-49 eta 50-59 adin tarteak jarraitzen dute positibo gehien dutenak izaten, baina ostean pertsona nagusiagoak daude: 80-89, 60-69 eta 70-79.

Gainera, hamasei pertsona zendu dira azken orduetan gaitzaren eraginez; hamaika EAEn eta bost Nafarroan. Hala, 1.840 dira dagoeneko pandemiaren ondorioz Hego Euskal Herrian bizia galdu dutenak.

Ospitaletako egoerari dagokionez, aurreko egunean bainoa 30 paziente gutxiago daude ingresatuta EAEn. Guztira 584 lagun daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitaletan eta horietatik 80 ZIUetan daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak