Arrasaten eta Oñatin atzeman dituzte Debagoieneko azken bi positiboak

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko mai. 5a, 14:23

Debagoieneko positiboen datu metatuak herriz herri (Grafikoa: Tokikom)

COVID-19a duten beste bi pertsona identifikatu dituzte Debagoienean; bat Arrasaten eta bestea Oñatin. Honenbestez, orain artean, baieztatutako 393 kasu egon dira bailaran. Hego Euskal Herrian bestalde, 308 pertsonari atzeman diote COVID-19 gaitza azken orduetan. Gainera, 17 pertsona hil dira.

Azken bi positiboak kontuan izanik, 393 dira dagoeneko Debagoienean izurriak kutsatu dituen pertsona kopurua. Erdia baino gehiago Arrasaten kokatzen dira, 229 hain justu ere. Jarraian Bergara, Oñati eta Aretxabaleta daude; lehen bietan 48 kutsatu identifikatu dituzte eta Aretxabaletan 47. Eskoriatza 13 positibotan mantentzen da, eta Antzuola (4), Aramaio (2) eta Elgetan (2) aspalditik ez dago baieztatutako kasu berririk. Azkenik, Leintz Gatzagan ez dute orain artean egiaztatutako kasu bakar bat ere izan.

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Hego Euskal Herrian 308 kasu berri egiaztatu dituzte testen bidez: 18 Gipuzkoan, 71 Araban, 105 Bizkaian eta 114 Nafarroan. Orain artean, COVID-19ak ia 23.000 lagun kutsatu ditu Hego Euskal Herrian; 22.987 zehazki. Gaixo gutxien Gipuzkoan egon dira, guztira 2.878 zenbatu dituzte orain artean; Araban 4.288, Bizkaian 9.351 eta Nafarroan 6.561.

EAEn egindako test kopuruari dagokionez, atzoko egunean zehar 4.598 egin ziren guztira; 1.630 PCR eta 2.968 test azkar. Proba horiek 1.344 pertsonei egin zizkieten eta PCR probetan 13k eman zuten positibo. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak onartu du gainera, jaiegunetan "proba gutxiago" egin dituztela, eta horrek ere emaitzetan eragina izan dezakeela. Era berean esan du, datozen egunetan ere datuetan "zerra-hortzak" egongo direla.

Horretaz gain, EAEko ospitaleetan guztira 619 gaixo daude ingresatuta, horietatik 85 ZIUn.

EAEn 12 pertsona hil dira azken orduetan, "hildako pertsona bakoitza garrantzitsua" dela azpimarratu du Murgak, baina hildako kopuruetan ere "beheranzko joera" nabaritzen hasi dela esan du. Nafarroan beste bost pertsona hil dira azken orduetan. Hala, Hego Euskal Herrian 17 lagun zendu ziren atzo COVID-19 gaitzaren eraginez eta orain artean hildako guztien zifra 1.824ra igo da.

Murgak "ez erlaxatzeko" eskatu die herritarrei; eta gogora ekarri du, datozen egunetan hartuko diren neurriak, orain herritar bakoitzak duen jarreraren araberakoak izango direla. Hala, Jaurlaritzak koronabirusaren transmisioa saihesteko gomendioak jaso ditu gida batean. Dokumentuan lau atal bereizten dira: transmisioa saihestu, maskarak noiz eta nola erabili, lantokietan nola jokatu eta nola babestu erosketak egiterakoan eta garraio publikoan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak