#NikEtxeanEsperimentuak ekimenaren maiatzeko egutegia aurkeztu du Elhuyarrek

Uxue Igarza Loiola 2020ko mai. 4a, 13:06

Apirileko dinamikari jarraituz, datozen lau asteetan ere zientzia- eta teknologia-erronkak proposatuko ditu Elhuyarrek “irudimena eta neuronak astintzeko”. 10 eta 15 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekintzak batzen ditu ekimenak.

 

Astelehenetan hasi eta ostegunera arte, Elhuyarren Bizilabe-ren webgunean, eguneko erronkak egongo dira ikusgai, eta ostiraletan, euskal ikertzaile gazteei egindako elkarrizketak egongo dira ikusgai. #NikEtxeanEsperimentuak ekimenak zientzia- eta teknologia-erronkak proposatuko dizkie gazteei, eta ondoren, emaitzak sare sozialetara igotzeko gonbita egingo die.

Erronkak era askotakoak izango dira: “mezu sekretuak” desenkriptatzea eta enkriptatzea, hologramak sortzea, barazkietan dauden margoak erauztea, motorrik gabeko hegazkinak eraikitzea , naturari erreparatzea… Azaldu dutenez, orokorrean 10 eta 15 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekintzak izango diren arren, gurasoak haur txikiagoekin erronkak egitera ere gonbidatu nahi ditu Elhuyarrek. Ondoren, egindako erronkak sare sozialetan zabaltzeko deia egin dute, #NikEtxeanEsperimentuak traola erabiliz.

Ikertzaileei elkarrizketak

Ostiraletan “hitzordu bereziak” egingo dituzte, izan ere, webgunean ikertzaile gazteei egindako elkarrizketak jarriko dituzte ikusgai. Elhuyarreko kideek azaldu dutenez, solasaldien helburua ikertzailea bera eta bere jarduna gertutik ezagutzea da, batez ere, gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna indartzeko.

Gazteentzako inspiratzaileak izan daitezkeen elkarrizketak izango direla aurreratu dute, elkarrizketetan ikertzaile horien “pasioa eta ezagutza” transmititzen saiatuko direlako, hain zuzen ere. Maitane Alonso Monasterio medikuntza-ikaslea, klima-aldaketaren ikerketan dabilen Naima El Bani Altuna eta beste planetetako atmosferak ikertzen dituen Itziar Garate López astrofisikaria izango dira elkarrizketatuetako batzuk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak