Euskal Herrian ekonomia ekologikoaren alde egitea eskatu dute euskal akademiako 300 aditu baino gehiagok 'COVID19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde' manifestuan. 25 unibertsitate eta ikerketa-zentrotako 345 irakasle eta ikertzailek sinatu dute manifestua; besteak beste, sinatzaileen artean Mondragon Unibertsitatea, EHU, NUP, PAUko Unibertsitatea, Stanford eta Cambridge daude.
Holandako akademian egindako ekimena hartu dute oinarritzat, eta sinatzaileek eztabaida soziala sustatzea dute helburu: “Gaur egungo egoerari buruz dugun ikuspegia plazaratzeko beharra sentitzen dugu, baita lan ildo batzuk proposatzekoa ere, iraganean egindako akats larriak berriro gerta ez daitezen eta etorkizun berri baten eraikuntzari modu egokian hel diezaiogun”. Jendartea “bidegurutze historiko batean” dagoela ere gehitu dute, eta bide “oker” beretik jarraitzea edo norabidea aldatzea komeni ote den jarri nahi dute mahaigainean.
Gainera, egungo eredu sozio-ekonomikoa “ahula” dela esan dute sinatzaileek, eta premiazkotzat jotzen dute mundua “planifikatzeko” beste modu bat, baita Euskal Herrian ere: “Ezin gara atzean gelditu. Kalkula ezineko kostua lukeen akats estrategikoa litzateke erronka hauei ez heltzea. Uste dugu jarraibide horiek gizarte iraunkorragoa eta bidezkoagoa ekarriko dutela, balio positiboetan oinarrituta natura eta pertsona guztiak errespetatzeko pentsatuak daudelako”.
Bost ekintza-ildo
Adituek babesten duten ekonomia ekologikoak bost ekintza-ildo dituela azaldu dute. Alde batetik, Barne Produktu Gordinaren hazkunde agregatuan oinarritutako garapen-eredua alde batera uztea proposatu dute. Bestetik, muga ekologikoak kontuan hartzen dituzten ekoizpen-, inbertsio- eta kontsumo-politikak sustatzea funtsezkoa dela iritzi dute, “hurrengo belaunaldientzat zor onartezin bat sortu ez dadin”. Aurrekoekin lotuta, ingurumen-fiskalitate progresiboa bultzatu behar dela uste dute adituek, eta bide horretatik kutsadura eta natura-baliabideen gehiegizko ustiapena albo batera uztea: “Klima-krisiari eta ekosistemen degradazioari aurre egiteko, beharrezkoa den trantsizio ekologikoa finantzatzeko”.
Beste ildoei dagokienez, nekazaritza- eta elikadura-sistema aldatzeko, agroekologian oinarritutako elikadura-burujabetza sustatu nahi dute. Horretarako, “lan-baldintza duinetan” eta "biodibertsitatearen kontserbazioa ziurtatuz", elikagai jasangarrien eta tokiko elikagaien ekoizpena eta kontsumoa sustatu nahi dituzte. Bukatzeko, mugikortasun-eredua ere aldatu beharko litzatekeela uste dute sinatzaileek; funtsezko zerbitzuak lehenesteko, motorrik gabeko mugikortasuna eta garraio publikoa lehenestea da proposamenetako bat.