Azken orduetako datuen arabera, Debagoieneko egoitzetan ez da COVID-19ak eragindako hildakorik atzeman, ezta kasu positibo berririk ere. Hori horrela, Gipuzkoako egoitzetan ez da hildakorik egon azken bi egunetan. Horrez gain, bi egoiliar gehiago sendatu dira eta dagoeneko, guztira, 227 dira.
Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi du, 161 egoiliarrek jarraitzen dutela diagnostiko positiboarekin; horietatik, 25 Donostiako Gurutze Gorriaren zentroetan eta beste 24 ospitalean. Mendozak gehitu du, 227 egoiliar sendatu direla egoitzetan, COVID-19ak eragindako guztien %41,4a, alegia.
"Hobekuntza nabaria"
Eider Mendozak adierazi du, azken egunetako datuek "hobekuntza nabaria" erakusten dutela, bai zaharren egoitzetan eta baita desgaitasuna duten pertsonetan ere. Horrekin batera, mehatxuari aurre egiteko "zorroztasun eta ardura handiarekin" lanean jarraituko dutela adierazi du: "Beharrezkoa da prebentzio eta segurtasun neurri guztiak zorrotz betetzen jarraitzea zaurgarrienak diren pertsonak babesteko".