Hauteskundeen data adosteko bilera egingo dute alderdiek maiatzaren 14an

Uxue Igarza Loiola 2020ko api. 30a, 15:40

Gaur egin duten Alderdi Politikoen Mahaiko argazkia (Iturria: Eusko Jaurlaritza)

Lehendakariak deitutako Alderdi Politikoen Mahaia egin dute gaur; besteak beste, hauteskundeak abuztua baino lehen egiteko aukera aztertzeko. Horrez gain, osasun-larrialdietako adierazpena ebaluatu dute.

Legealdia irailaren 25ean bukatzen den arren, hauteskundeak egiteko bi aukera partekatu ditu lehendakariak gainerako alderdiekin. Lehenengo aukera hauteskundeak uztailean ospatzea da; Urkulluren arabera "osasun arloko adituek egin dituzten aurreikuspenak aintzat hartuta" uztailean egin beharko lirateke hauteskundeak ikuspegitik "ekainaren 21etik irailaren 21era kutsatzeko arriskua txikiena izango baita"Beste aukera irailean edo urrian egitea da, baina lehendakariak arriskutsuagoa dela eman du aditzera: "Udazkena iristen denetik aurrera, irailaren 21etik aurrera, gaixotasuna berriz sortzeko arriskua dago. Gainera, urtaroko gripearekin konplika liteke eta ziur da udazkenean ez dugula txertorik jarriko".

EH Bilduko Arnaldo Otegik Mahaiaren ostean balantzea egin du, eta hauteskundeei dagokienez,"beharrik ez dagoela" iritzi du: "Ez da lehiarako momentua; herriari irtenbideak emateko momentua da". Gainera, herritarren ardurak "beste batzuk" direla esan du; esate baterako, negozio edo lanpostuen etorkizuna, eta horri aurre egiteko "txoke-plana" eratzea beharrezkoa dela uste du. Horri lotuta, lehendakariari enpresa, sindikatu eta alderdiek osatutako mahaia eratzeko eskatu dio, baina Urkulluren erantzuna ezezkoa izan dela esan du Otegik.

Bestetik, Ahal Dugu Euskadiko Miren Gorrotxategik ere batzarraren balorazioa egin du. Hauteskundeak egiteko "baldintzarik" ez dagoela azaldu du, eta lehendakariak ere "ezin izan duela hori bermatu". Gorrotxategiren hitzetan, "inor ez da gai izan ziurtasunez hauteskundeak lehendakariak proposatutako egunetan egin ahal izango direla esateko", eta salatu duenez, behin hauteskunde-prozesua hasita, atzera egiteko aukera ere badagoela aipatu du Urkulluk batzarrean.  

Pandemiaren bilakaera

Hauteskundeez gain, orain arte pandemiari aurre egiteko neurriez ere jardun dute Mahaian, eta lehendakariak hainbat txosten aurkeztu ditu; besteak beste, EAEko egoera epidemiologikoari buruzko txostena, koronabirusaren hedapenaren aurreikuspena eta Eusko Jaurlaritzak Osasun Larrialdi Adierazpenaz geroztik egindako jardueren laburpena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak