Bailaran astea positibo berri barik hasi ostean, azken bi egunetan zazpi kasu atzeman dituzte; guztiak Aretxabaleta, Arrasate eta Bergaran. Gainontzeko herrietan ez da positibo berririk egon azken lau egunetan.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Hego Euskal Herrian 612 kasu berri atzeman dituzte azken orduetan. Horietatik 103 dira PCR testekin atzeman dituztenak; eta positibo horiek dira hain justu Espainiako Gobernuak ofizialki ematen dituen datuak; 82 EAEn eta 21 Nafarroan.
Lurraldeetako datuei dagokienez, bi proba moten artean baieztatu dituzten kasuak horrela banatzen dira: Gipuzkoan, 44 kasu berri, Araban 97, Bizkaian 215 eta Nafarroan 256. Gainera, azken egunean COVID-19 gaitzak jota hil direnak hogeita bi izan dira EAEn, eta hiru Nafarroan. Guztira, Hego Euskal Herrian 1.747 pertsona zendu dira orain artean, eta kutsatu metatuak –uneren batean positibo eman dutenak– 21.659 herritar dira. Horietatik errekuperatu direnak, ostera, 13.049 dira.
Aurreko egunarekin alderatuta, EAEn 462 pertsona gehiagok gainditu dute gaixotasuna. Jaurlaritzako Osasun sailburua Nekane Murgak esan duenez, kutsatu diren 15.519 pertsonetatik %70,4 osatu dira edo ospitaleko alta jaso dute. Gainera, atzo 9.465 test egin zituzten: 4.994 PCR motakoak eta 4.471 test azkarrak edo serologikoak.
Bestalde, une honetan 655 pertsona daude EAEko ospitaletan; aurreko egunean baino 28 gutxiago, Murgak zehaztu duenez.