Asentzio Zubillaga: "Jendearen babesa eta esker ona jasotzea da onena"

Eneko Azkarate Laspiur 2020ko mai. 1a, 09:00

DYAn 35 urte dihardu boluntario Asentzio Zubillagak (Antzuola, 1963). Une zailak eta gozoak bizi izan ditu urte hauetan guztietan. Larrialdi egoera bakarra, koronabirusagatik egun bizi duguna. Autobus gidaria da ofizioz.

DYAn zuk beste urte daroanik asko ez dira izango.

Gipuzkoan badira bizpahiru-edo 40 urte daroatzatenak; Debagoienean neu naiz beteranoena. Antzuolan izan dugu urte askoan egoitza eta azkeneko urteotan Bergarako Martokoan. Hori da Debagoieneko egoitza. Hamar bat lagun gari gara bertan.

Urte hauetan zelako lanak tokatu izan zaizkizu egitea?

Berez, DYA sortu zen errepidean laguntza eskaintzeko, baina egunerokoan denetik egiten dugu. Mendian eta itsasoan erreskate lanak… Era berean, larri daudenak etxetik ospitalera eroaten ditugu…

Zein da gogoratzen duzun esperientziarik gogorrena?

Ez ditut ahazten Biescasko kanpineko uholdeak. Ezbehar hartan, euskaldun asko izan zen tartean, ezagun eta gertuko antzuolarrak ere bai. Bestetik, San Juan jai batzuetan Osintxuko saihesbidean istripu larria gertatu zen eta hil ziren ama eta semea, eta senarra, ezagun nuena, larri zauritu zen. Haiek artatzera joatea egokitu zitzaigun. Bestetik, sasoi batean, ETAk bere aldarrikapenak edo iragarpenak DYAra egindako deien bidez ere egiten zituen, eta halako deiak jasotzea egokitzen zitzaigun.

Edozeinek ez du balio halako lanetarako.

Ez, ez. Egia da. Gogorra da, baina ohitu egiten zara. Dena den, lehen, batik bat, errepideko istripuetarako izaten ziren gure irteera gehienak. Gaur egun, gizarte lanak, larrialdi sozialak, ere izaten dira. Etxean bakarrik bizi eta etxean erori den zaharra laguntzea eta halakoak. Horiek ere ez dira erosoak. Ez da odol kontua bakarrik.

Larrialdi egoera honen oroitzapena betirako geratuko zaizu?

Bai. Ez dut inoiz halakorik ezagutu.

Bereziki gogorra da une hau?

Ezberdina da. Une gogorrak edo okerrak bizi izan ditugu. Hau beste bat da. Egoera berrira egokitzea tokatzen da. Lan aldetik, izan ditut egunak lan askokoak; aste hau, lasaiagoa. Egunak eta egunak daude.

Bus bidaiariei maskarak banatzen ikusi zaitugu

Bai. Hori ere egin dugu. Ondo. Busean jende gutxi dabil, hori bai. Bestetik, etxean maskarak edo beste babesgailu batzuk egin dituztenak ere ezagutu ditugu, batetik bestera eroatea tokatu zaigulako. Jendea oso ondo ari da erantzuten, oso esker onez. Ez dugu erantzun txarrik jaso.

Jendeak baloratzen du egiten duzuen lana?

Bai. Eta horrek satisfazio handia ematen du. Hori da onena, jendearen esker ona jasotzea.

Gauez, egunez, noiz aritzen zara?

Berdin dio. Deitzen didatenean. Lanetik kanpo, gertu nago laguntzeko.

Une honetan, bereziki, zer lan ari zarete egiten?

Premia dutenak anbulatoriora eroaten, maskarak bus geltokietan banatzen, bestelako babesgailuak batetik bestera eroaten… Orain, auto istripurik ez dago apenas. Lehendik ere sumatzen da jendea gauez edanda-eta gutxiago ibiltzen dela autoan eta asteburuetako istripuak gutxiago direla. Baina orain, larrialdi egoeran, gutxiago.

DYAko boluntarioak ondo babestuta ari zarete lanean?

Bai. Alde horretatik ez dugu arazorik izan, maskarak eta beste babesgailu batzuk izan ditugu hasieratik. Ohituta gaude babestuta lan egiten. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak