Bergarako Udaltzaingoak jakinarazi duenez, "lan pedagogikoa" egiten ari dira, gehienbat, egunotan, Ertzaintzaren protokoloa jarraituz. Herritarren zalantzak argitzen dihardute, haiek laguntzen, eta, "kasu oso larria" ez bada, behintzat, ez dira isunik jartzen ari. Ez da halakorik izan.
Identifikazio-lan batzuk ere egiten ari dira, baina ez herritarrak gaizki jokatzen ari direlako, "kontrol bat" eraman behar izaten ari direlako baizik.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, "normaltasun osoz" ari dira igarotzen egun hauek, zentzu horretan. "Salaketa bakarra jarri dugu, Bergaran. Familia ezberdinetako umeak elkarrekin jolasten ari ziren eta gurasoek ez zuten ezer egiten hori ekiditeko".
Bailarako udaletatik ere zentzuz jokatzeko dei egin diete herritarrei, eta Bergarako eta Oñatiko udalek, esaterako, umeendako aholkuak kaleratu dituzte egunotan.