Azken 24 orduetan ez da hildakorik izan Debagoieneko egoitzetan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko api. 29a, 18:50

Bergarako Mizpirualde adinekoen egoitza, artxiboko argazkian.

Debagoieneko adinekoen egoitzetan ez da COVID-19ak eragindako heriotzarik izan azken 24 orduetan. Gipuzkoako egoitzei dagokienez ere ez da heriotza berririk erregistratu, eta 21 egoiliar izan dira sendatu direnak; hiru positibo berri identifikatu dira.

Eider Mendoza foru bozeramailearen arabera, azken egunean ez da adineko pertsonarik hil egoitzetan. Mendozak gaineratu duenez, 21 lagun gehiagok gainditu dute gaixotasuna eta hiruk positibo eman dute. Beraz, 65 zentro eta 5.425 plaza dituen Gipuzkoako egoitza sarean, orain arte 225 lagunek jaso dute alta, koronabirusarekin kutsatuta egon diren pertsonen %41ak. Alarma egoera ezarri zenetik 160 heriotza eman dira eta 163k diagnostiko positiboarekin jarraitzen dute.

Desinfekzio lanetan, San Juan de Diosen

Desinfekzio lanei erreparatuta, Diputazioak azaldu duenez, azken orduetan berriro desinfektatu diren guneen artean dago Arrasateko San Juan de Dios ospitalea. Horiekin batera, Zumaiako San Juan eta Otezuri, Beasaingo Arangoiti eta Zumarragako Argixao ere desinfektatuta dituzte suhiltzaileek eta DYAko boluntarioek eta ekipo espezializatuek. Desinfekzio lanak lau egunetik behin egiten dira kasu positiboren bat duten egoitzetan eta astero gainontzekoetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak