Beste bost kutsatu Debagoienean, Arrasaten eta Aretxabaletan bina eta Bergaran bat

Mirari Altube Arrese 2020ko api. 29a, 13:23

Domekatik ez zegoen positiborik Debagoienean, baina azken orduetan atzemandako bost kasuekin kutsatuen kopurua 375era iritsi da. Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, beste 591 kutsatu atzeman dira, 392 EAEn eta 254 Nafarroan, eta 35 herritar hil dira COVID gaitzak jota azken orduetan.

Arrasatek eta Aretxabaletak bina kasu positibo izan dituzte eta Bergarak bat; hala, azken bi egunetan kurba geldi egon ostean gorantz egin du zertxobait.

Lurraldeetako datuei dagokienez, Gipuzkoan, kutsatutako 34 kasu berri egiaztatu dituzte, Araban 58, Bizkaian 245 eta Nafarroan 254. Gainera, azken egunean COVID-19 gaitzak jota hil direnak hemeretzi izan dira EAEn, eta  hamasei Nafarroan. Guztira, Hego Euskal Herrian 1.722 pertsona zendu dira orain artean, eta kutsatu metatuak –uneren batean positibo eman dutenak– 21.022 herritar. Horietatik errekuperatu direnak, ostera, 12.556 dira.

Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du EAEko ospitalean jarraitzen dutela 686 lagunek, atzo baino 42 gutxiagok: "Datuek adierazten dute gaixotasunaren transmisioa murrizten dabilela". Kutsatutakoak 15.138 dira guztira EAEn (baieztatutako kasuak) eta horietatik %69 berreskuratuta edo alta emanda daudela gaineratu du.

Atzo izan zen orain arte "test gehien" egindako eguna EAEn: 10.662 proba egin zituzten guztira, 5.163 PCR motakoak eta 5.499 test azkarrak. Era berean, jakinarazi du osasun arloko langileen artean 23.000 test baino gehiago egin direla, eta Osakidetzako langileen artean 13.353 PCR, "langileriaren heren bati baino gehiagori" hain zuzen ere. Test azkarrak edo serologiakoak egiten ere badabiltzala gaineratu du.

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Datuak herriz herri

Debagoienean, bost positibo berri egon dira. Honenbestez, 375era igo da bailaran egiaztatuko COVID-19 kasuen kopurua.

Kutsatze-tasa 100.000 biztanleko (2018ko INEren biztanleria datuetan oinarrituta):

Herria Positiboak 100.000 biztanleko kutsatze-tasa
Arrasate 221 1003,68
Oñati 44 388,18
Aretxabaleta 46 658,37
Bergara 43 294,60
Eskoriatza 13 318,08
Antzuola 4 187,27
Aramaio 2 134,86
Elgeta 2 176,21
Leintz Gatzaga 0 0,00

Bi gako kutsatzea ez hedatzeko

Hemendik aurrerako bidea gakoak bi izango direla eman du aditzera: kutsaduraren prebentzioa eta identifikatzea lehenbailehen sintomak izan dituztenak. Kutsadura ez zabaltzeko betebeharrak gogorarazi ditu: bi metroko distantzia mantentzea; beste batzuekin kontaktua ekiditea; garbitasuna mantentzea, eskuak eta gainazalak sarri garbituta; eta sintomarik atzemanez gero isolatzea –baita etxean ere– eta osasun etxera deitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak