Hainbat arlotako adituekin, erkidegotako ordezkariekin, enpresari eta sindikatuekin eta beste ordezkari askorekin koordinatuta hartutako erabakiekin osatu dutela plana adierazi du. Eta lurralde bakoitzean era ezberdinean eragin duenez COVID-19 gaitzak, probintzia artean ez da baimenduko mugikortasunik bide horretan.
0-Fasea: Prestakuntzarako fasea da eta maiatzaren 4an jarriko da abian. Horri hasiera eman zitzaion joan den apirilaren 26an, umeen irteera baimenduta, eta jarraipena izango du maiatzaren 2an paseatzera eta kirola egitera irteteko baimena emanda. Ondoren etorriko dira jatekoa etxera eramateko aukera ematen duten jatetxeen irekiera, bakarka egiten diren jarduera batzuk, eta kirolari profesionalen entrenamendu saioak, esaterako.
1-Fasea: Hasiera fasea. Tokiko merkataritzaren irekiera, lehentasuna izanik 65 urtetik gorako herritarrek; terrazen irekiera %30eko edukierarekin; hotel eta ostatuen irekiera, erabiltzaileak elkartzeko gunerik gabe. Arrantzaleak eta nekazariak lan egin ahal izango dute eta elizkizunetarako eraikinak zabalduko dira, baina heren bat bakarrik betetzeko aukerarekin. Garraio publikoan maskarak erabiltzea gomendatuko da oraindik ere.
2-Fasea: Erdibideko fasea. Eskola-jarduera irailean itzuliko dela iragarri du, baina hainbat kasutarako zabalduko dituzte: errefortzuak emateko; eta 6 urtez azpiko umeendako, gurasoen zaintzapean ezin badira geratu; eta selektibitaterako. Jatetxeen irekiera ere baimenduko dute baina bakarrik mahaiak erabiltzeko eta edukieraren heren bat beteta. Aisialdiari dagokionez, ehizan eta arrantzan joan ahal izango da; baita zinema eta antzokietara ere bai, baina heren bat bakarrik bete ahal izango dira horiek. Barruko kultura ikuskizunen kasuan 50 lagunetik beherako guneak baimenduko dituzte eta kanpoan egiten diren kasuan 400 lagunetik beherakoak, eserita. Otoitzerako eraikinen kasuan, edukieraren erdia bete ahal izango da.
3. Fasea: Debekuak malgutzen joango dira, mugikortasunari dagokionez zein eraikinen edukierari dagokionez.
Fase bakoitza hamabost egun
Fase bakoitzak gutxienez bi aste iraungo duela esan du, "birusak garatzeko behar duen denbora horixe delako". Fase batetik bestera pasatzeko, ezarritako markagailuak begiratuko dituzte: "Irizpide objektiboak erabiliko dira horretarako, markagailu batzuk zehaztuko dira eta horiei egingo zaie jarraipena".
Normaltasun berria ekain bukaerarako iragarri du "ondo bidean". Dena den, esan du zuhurtziaren eta arriskuaren artean zuhurtziaren alde egingo dutela.