Jaurlaritzak aurreikusten duenez, datozen egunetan gora egiten jarraituko du garraio publikoaren erabilerak. Hala, zerbitzua egokitu behar dela esan du Tapiak, eta horretarako segurtasun eta prebentzio neurriak "are gehiago indartu" behar direla azpimarratu du. Maskarak erabiltzeko derrigortasunari dagokionez, eskaera aste honetan Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministroari helaraziko dietela esan du. Pasa den astean behin behineko neurri moduan zehaztutakoak "behin betiko" izan daitezen.
Normaltasun berrirako Trantsiziorako Planerako hiru neurri zehaztu ditu Jaurlaritzak eta arau berriak "epe laburrean" ezartzeko asmoa azaldu du:
- Maskaren erabilera garraio publikoan.
Espazio itxian segurtasun distantziak mantentzea "ezinezkoa" izango dela aurreikusiz, maskarak nahitaezkoak izatea nahi du Jaurlaritzak. Tapiak esan duenez, aldirietako trenetan eta metroan dagoeneko hasi dira zailtasunak izaten, baina momentuz egoera "kontrolatzeko modukoa" dela esan du. - Gel hidroalkoholiko banagailuak.
Sarbidea mugatuta duten geltokietan, bidaiariak hesi bidez kontrolatzen diren lekuetan, gel hidroalkoholiko banagailuak instalatzea planteatu du Jaurlaritzak. Tren eta metro geltokiak, eta hiriburuetako hiru autobus geltoki intermodalak izango dira: Bilboko intermodala (Termibus), Atotxakoa Donostian eta Lakuakoa Gasteizen. - Tenperatura kontrolak erabiltzaileei.
Tapiak azaldu duenez, denbora gutxi barru, "erabiltzaileei tenperatura hartzeko kontrolak ezarri ahal izango dira, ausazko eta disuasiozko izaerarekin". Zehaztu duenez, kontrol horiek ez dira puntu finkoetan egingo; garraio publikorako sarbideetan jarriko diren ekipo mugikorrekin egingo dira. Tenperaturaren neurketa horiek tren geltokietan (Metro Bilbao eta Euskotren) eta hiriburuetako autobus-geltoki intermodaletan egingo dira. Hasteko proba pilotuak egingo dira, eta sistemen funtzionamendua egokia bada, neurketak hiru lurraldeetara zabalduko dira. Erabiltzaileren batek 37ºC-ko sukarra gaindituz gero, arreta osasun taldeei bideratuko zaie.