Odola emateko deia egin du Arabako Odol Emaileen Elkarteak

Uxue Igarza Loiola 2020ko api. 27a, 12:06

Ospitaleak beren ohiko jardunera bueltatzen hasiko dira, eta horrek odol premia handituko du, ebakuntzak eta bestelako esku-hartzeak egiteari ekingo baitiote laster. Horregatik, Arabako Odol Emaileen unitate mugikorra Arrasaten izango da apirilaren 30ean eta maiatzaren 5ean.

Pandemia hasi zenetik, odol-emaileen unitateek ez dute jarduna eten, baina aldaketak egin dituzte funtzionamenduan. Ostegunean, Laubide plazan egongo da unitatea 16:30ean hasi eta 20:00ak arte, eta maiatzaren 5ean ere, anbulatorioan egitekoa zen arren, prebentzio neurriak betetzeko, autobusean emango da odola.

Egoerara egokitu dira Odol Emaileen Elkarteko kideak eta aldaketak egin dituzte unitate mugikorretako zerbitzuetan. Odola ematera sartu aurretik, eskularruak eta maskarak banatzen dituzte, eta autobus barruan distantziak mantentzeko, emaile gutxiago egoten dira aldi berean odola ematen. Bestetik, bukatutakoan, ziurtagiriak banatzen dituzte etxera bidean emaileek legeari lotutako arazorik izan ez dezaten. Hala ere, jakinarazi dutenez, Udalekin hitz egiten dute, eta udaltzainak jakinaren gainean daudela azaldu dute.

Pandemia egoera beheranzko joera hartzen ari dela-eta, ospitale asko hasiko dira asteotan ohiko funtzionamenduan lanean. Orain arte egin ez diren ebakuntzak eta bestelako esku-hartzeak egiten hasiko dira, eta Odol Emaileen Elkartekoek berriz ere odol premia egongo dela ohartarazi dute. Horregatik emaileei odola ematera joateko deia egin diete.

COVID-19a gainditu dutenentzako deia

Besteik, Arabako Odol Emaileek koronabirusa gainditu dutenei dei egin diete plasma emateko. Prozesu berria jarri dute azken bi asteetan martxan, eta gaixo daudenak sendatzeko baliagarria izan daitekeela uste dute. Gaixotasuna gainditu duten pertsonek plasman koronabirusari aurre egiteko antigorputzak garatu dituztela azaldu dute, eta horiek lagungarriak izan daitezkeelakoak daude gaixorik daudenentzat.

Prozesuan parte hartzeko hiru baldintza bete behar dira: odol-emailea izatea, inoiz haurdunaldirik edota aborturik eduki ez izatea eta hildako emaileren baten transplanterik jaso ez izana. Horiek beteta, 945 00 78 78 telefonora dei egin behar da, eta medikuek zerrendara gehituko dute emailea. Ondoren, aukeratutakoak ordubete inguruko prozesua egingo dute plasma emateko.

Araban eta Bizkaian hasi dira prozesuarekin eta laster hasiko dira Gipuzkoan ere.

Gaur, Elgetan

Elgetan ere odola emateko deia egin dute, eta pilaketak ekiditeko telefonoz 943 99 78 88 zenbakira deitzea gomendatu diete herritarrei. Odol-emateak frontoian izango dira 18:00etatik 20:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak