Beste zazpi positibo Debagoienean, eta dagoeneko, 370 dira kutsatuak

Mirari Altube Arrese 2020ko api. 26a, 12:47

Apirilaren 25eko (20:00ak arte) datuek adierazi dute Debagoienean beste zazpi herritar daudela COVID-19 gaitzarekin kutsatuta: Oñatin hiru, eta Arrasaten, Bergaran, Aretxabaletan eta Eskoriatzan, bana.

Egubakoitzean eta zapatuan hamar kutsatuen langa gainditu ostean, behera egin du berriro kurbak. Oñati, azken orduetako hiru kasu horiekin, Aretxabaletarekin berdindu da, eta Bergara ere antzera dago, bi gutxiagorekin. Arrasatek, ostera, Debagoienean kutsatutako kasuen ia %60 ditu.

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Datuak herriz herri

Kutsatze-tasa 100.000 biztanleko (2018ko INEren biztanleria datuetan oinarrituta):

Herria Positiboak 100.000 biztanleko kutsatze-tasa
Arrasate 219 994,60
Oñati 44 388,18
Aretxabaleta 44 629,74
Bergara 42 287,75
Eskoriatza 13 318,08
Antzuola 4 187,27
Aramaio 2 134,86
Elgeta 2 176,21
Leintz Gatzaga 0 0,00

Hego Euskal Herriko datuak

Hego Euskal Herriari dagokionez beste 348 gaixo daude azken orduetan. Hona hemen lurraldeka: Gipuzkoan, 35; Araban, 44; Bizkaian, 91; eta Nafarroan, 178.

Honenbestez, 20 milara gerturatzen dabiltza kasu positiboak; 19.767 dira gaur gaurkoz metatutakoak –uneren batean positibo eman dutenak–. Hala ere, azken egunotan, poliki-poliki, kasu gutxiago daudela diote datuek.

Bestetik, 20 lagun hil dira azken orduetan COVID-19 gaitzak jota, eta guztira, 1.661 dira Hego Euskal Herrian hildakoak. Errekuperatuen datua, ostera, gorantz doa, eta atzo, 759 izan ziren; hala, 11.437 dira guztira gaitza izan eta errekuperatu direnak.

Atzo, zapatua, 7.318 test egin zituzten guztira: 4.423 PCR erakoak eta 2.895 test azkarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak