Probak pilatzeko arriskua dago

Xabier Urtzelai 2020ko api. 24a, 14:00

Gurutze Gorriko kide bat, Elgean, mendi lasterkari bat artatzen.

Uda ostean koronabirusak arnas apur bat ematen badu ere, zailtasun handiak egongo dira antolatu gura den guztia egin ahal izateko. Antolatzaileek arazoak izan ditzakete osasun zerbitzuak kontratatzeko, eta derrigorrezkoak dira.

Oraingoz, zaila da aurreratzea udazkenean zein izango den koronabirusaren pandemiak utziko duen egoera, jende pilaketak onartuko dituzten ala ez, eta, horrenbestez, lasterketak egitea baimenduta egongo den ala ez. Baina, kasurik onenean ere, posible da koronabirusa ez izatea arazoa, eta bai osasun zerbitzuak antolatzeko ezintasuna. Izan ere, gaur egun, edozein kirol ekitaldi antolatzeko derrigorra da Gurutze Gorriko lagunen edo DYAkoen laguntza, eta horiek ere baliabide mugatuak dituzte: "Berez, udazkeneko hilabeteak oso beteak izaten dira, astebururo 4-5 hitzordu ezberdin izaten ditugu, eta, gehiago egongo balira, nekez iritsiko ginateke denetara", dio Ibon Yarzak.

Gurutze Gorriko boluntarioa da Yarza, eta ondo baino hobeto ezagutzen ditu bailarako lasterketak: "Gustura etortzen gara ibarreko probetara, guretako ere erakusleiho ona dira, eta boluntario berriak trebatzeko oso hitzordu aproposak. Horrekin batera, guretako finantzaketa-iturri oso garrantzitsuak dira lasterketak, langileak boluntarioak bagara ere Gurutze Gorriak zerbitzu horiek kobratu egiten ditu eta".

Ezintasuna denera iristeko

Hala, Zegama-Aizkorri eta Ehun Miliak lasterketak zuzenean 2021era atzeratu dituzte, baina beste lasterketa batzuk udazkenera pasatu dituzte: "Lasterketa handi horien aurrean, txikiek zailtasun handiagoak izaten dituzte, eta pena izango litzateke horiek ez antolatzea. Esaterako, Aloñako Igoera udazkenera atzeratu dute, eta Gurutze Gorrikook izugarri gozatzen dugu bertan. Egun horretarako, Arabatik boluntarioak etortzen dira laguntzera, mendiko ibilgailuak ere behar izaten ditugu... Hau da, laguntza behar izaten dugu. Horregatik diot askok udazkenera atzeratzea erabakitzen badute gu ezingo garela denera iritsi. Esaterako, mendi bizikletako martxak ere sasoi horretan egiten dituzte, hitzordu asko pilatu daitezke. Egia da urte batean ez antolatzeagatik ere ez dela ezer gertatzen. Baina seguru egon gu ahal dugun guztietara joaten saiatuko garela".

Jendearen beharrak asetzen

Kirol hitzorduak antolatzeko –beste hitzordu asko moduan– ezinbestekoa da osasun zerbitzuak kontratatzea, eta Debagoienean DYAko eta Gurutze Gorriko lagunekin egiten da hori. Konfinamendu egoera dela-eta orain momentuan ez dabiltza halako zerbitzuak eskaintzen, ez dago lasterketarik, baina bestela ere oso lanpetuta dabiltza konfinamenduak sortu dituen beharrak asetzen. "Gure boluntarioak, besteak beste, Arrasaten eta Eskoriatzan dabiltza kalera irten ezin direnei erosketak egiten, janaria banatzen edo zaborra ateratzen. Bi furgoneta bideratu ditugu lan horietara", dio Ibon Yarzak. "Eta DYAko boluntarioak ere zeregin horietan ikusi ditut Bergaran; izan ere, badago jendea halako beharrekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak