Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi du azken orduetan hildako pertsona Donostiako Berra egoitzakoa zela, eta aldiz, koronabirusak lau pertsona gehiago kutsatu dituela. Beraz, azken orduetan ez da egon aldaketa nabarmenik Debagoieneko zaharren egoitzetan. Gauzak horrela, koronabirusaren krisia hasi zenetik Arrasateko Iturbiden 21 egoiliar hil dira guztira, eta 30 sendatu; Aretxabaletako GSRn bi pertsona hil dira eta Eskoriatzako Jose Aranan pertsona bat sendatu da.
Datu orokorrei begiratuta, 5.425 pertsona artatzen diren 65 egoitzetako saretik, 166 lagunek gainditu dute jada gaixotasuna, 149 zendu dira eta 233 dira diagnostiko positiboarekin daudenak. Azken orduetan, 39 lagunek gehiagok jaso dute mediku alta, Eibarko Egogain zentroan (17), Ordiziako San Josen (12), Hondarribiko Caser Residencial Betharramen (4), Zarauzko Santa Anan (2), Zumaiako Otezurin (2) eta Zumarragako Argixaon (2).
Bestalde, Gipuzkoan 38 lagun daude Donostiako Gurutze Gorriaren zentro soziosanitarioan ingresatuta eta 31 ospitaleratuta.
Desgaitasuna duten pertsonen egoitzei dagokienez, ez dago aldaketarik atzoko datuei erreparatuz, beraz, Covid-19ak eraginda pertsona bakarra dago Donostiako Iza egoitzan.
Mendozak adierazi du azken asteko datuak oinarri hartuta badirudiela kutsatze maila "egonkortzen" ari dela, eta gaixotasuna gainditu duten adinekoen zenbakia hazten jarraitzeak “itxaropenerako leiho bat zabaltzen du egunez egun birus honen aurka borrokan ari diren pertsona guztientzat”. Hala ere, gaineratu du, “ezinbestekoa” da “zuhurtziaz eta arduraz” jokatzen jarraitzea.