Domekatik aurrera kalera irten ahal izango dira haurrak

Imanol Beloki Unamuno 2020ko api. 23a, 13:44

Haurrak etxeko balkoitik kalera begira.

Domekatik aurrera kalera irten ahal izango dira 14 urtera arteko haurrak zenbait baldintza betez. Besteak beste, egunean behin irten ahal izango dira kalera, ordubetez, eta etxetik kilometro baten bueltan aritu ahal izango dira, betiere, heldu batek lagunduta.

Domekatik aurrera, 14 urtera arteko haurrak kalera irten ahal izango dira, baina hainbat baldintza bete beharko dituzte. Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko presidenteordeak eman ditu gaur haurren ateraldien inguruko xehetasunak:

Egunean behin irten ahal izango dira kalera haurrak, ordubetez, eta kilometro baten bueltan aritu ahal izango dira. Betiere, heldu batek lagunduta. Goizeko bederatzietatik gaueko bederatziak arteko tarte horretan aritu ahal izango dira, eta etxetik jolasak eraman ahal izango dituzte kalera. Hala ere, ezin izango dituzte jolas-parkeak erabili. Sukarra edo sintomarik duten haurrak, bestalde, ezingo direla kalera irten ere gainerazi du Iglesiasek, eta korrika egitea, salto egitea eta jolastea zilegi dela adierazi du presidenteordeak haurren arteko distantziazko beharrezko segurtasun neurriak hartuta.

Heldu batek lagunduta

Horrekin batera, Iglesiasek gaineratu du puntako orduak saihesten ahalegintzeko, hala, kutsatzeak saihesteko, eta haurrak guraso batekin edo anai-arreba nagusi batekin atera beharko direla azpimarratu du. Gehienez ere, hiru haur batera atera ahal izango dira heldu batekin lagunduta, eta etxetik ateratzean, berriz, segurtasun tartea mantendu behar dela oroitarazi du Iglesiasek, ahal dela bi metroko tartea, eta, ezin baldin bada, gutxienez metro batekoa. Landa eremuetan bizi diren haurrak, gainera, mendi inguruan ibili ahalko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak