DBHko 4. mailako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak jarduera presentzialera itzultzea aurreikusten dute

Maialen Regueiro 2020ko api. 22a, 14:08

Maite Alonso eta Cristina Uriarte, prentsaurrekoan (Irudia: Irekia)

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Maite Alonso sailburuordeak ikasturte honen amaierarako Eusko Jaurlaritzak prestatu duen hezkuntza-planaren berri eman dute. Ikasleen ebaluazioak, errefortzuak eta aurrez aurreko eskolak berreskuratzeko aukera izan dituzte hizpide besteak beste, prentsaurrekoan; izan ere, Jaurlaritzak DBHko laugarren mailako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak jarduera presentzialera itzultzea aurreikusten du, betiere osasun-irizpideek horretarako aukerarik ematen badute.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak adierazi du, dagoeneko ikastetxe guztiek jaso dutela hezkuntza-planaren dokumentua eta bertan besteak beste, irakasle-taldeak koordinatzeko orientabideak eta jarraibideak, metodologiak, curriculum-egokitzapenak, hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei eman beharreko erantzuna edo ebaluazio irizpideak jasotzen direla.

Ikasleen ebaluazioa

Uriartek azaldu du, ikastetxe bakoitzaren zeregina izango dela ikasturte amaierako ebaluazioa egiteko, kontuan hartuko diren irizpideak zehaztea. Hori eginda, ikastetxeko zuzendaritza taldeak eta ikuskatzaileak maiatzeko lehen hamabostaldian bilera egingo dute, ikastetxeak proposatutako ebaluazio-irizpidea aztertu eta baloratzeko. Hezkuntza sailburuak gehitu du, "jarduera presentziala eten aurretik ikasleek lortutako mailari buruz jasotako informazioa funtsezko oinarri gisa erabili beharko da behin betiko ebaluazioari buruzko erabakiak hartzeko eta horren ondoriozko ikasturte amaierako kalifikaziorako. Horrela, ikasturte hasieran 2. hiruhilekorako planifikatutako helburuak oinarrizkotzat hartuko dira 2019-2020 ikasturteko ebaluazio-prozesuan".

Dena den, hirugarren ebaluazioaren harira, ikastetxeek bi aukera izango dutela azaldu du sailburuak: batetik, ikastetxeek hirugarren ebaluazio espezifiko bat gauzatzeko aukera izango dute, hirugarren hiruhileko helburuak eta gaitasunak lortu diren baloratzeko; bestetik, amaierako ebaluazio integratua aurrera eraman ahal izango da eta kasu horretan, lehen bi ebaluazioetan lortutako emaitzak hartuko dira kontuan.

Ikasle batek kurtsoa errepikatzearen harira, honela mintzatu da Uriarte: "Irakasle-taldeak uste badu gutxieneko helburuak lortu ez dituen ikasle batentzako hezkuntza-neurririk egokiena ikasturtea errepikatzea dela, ikasle horren txosten indibidualizatua egin beharko du, neurri hori hartzeko arrazoiak adierazita. Txosten hori Hezkuntza Ikuskaritzaren esku egongo da".

Errefortzuak

Uriartek irakasle-taldearen koordinazio ona eskatu du. Horrekin batera, egoera honek errefortzua aurreikustea eskatzen duela aipatu du, eta gehitu du, "arreta berezia" eskainiko zaiela online prestakuntzarako aukerarik izan ez duten ikasleei, desabantailan egon ez daitezen. Gainera, udako oporretan errekuperatze lanak agintzea proposatu die ikastetxeei.

Eskola presentzialak

Hezkuntza sailak jakinarazi du, datozen asteetan ezingo dela ikasgeletako erabateko normaltasuna berreskuratu. Hala ere, "kritikotzat" jotzen diren hezkuntza mailetarako balizko itzulera bat prestatu dutela adierazi du Uriartek: "DBHko, Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleak aurrez aurreko eskoletara itzultzeko aukera aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak. Lanbide Heziketari dagokionez, lehen mailetako ikasleak (izan Goi Mailako Lanbide Heziketan, Erdi Mailakoan nahiz Oinarrizkoan) itzuliko dira ikasgeletara eta 2. mailako ikasleak enpresetara itzuliko dira praktikak egitera". Sailburuak gaineratu du, aurrez aurreko irakaskuntzara itzultzea, Osasun Sailak emandako osasun-neurriei jarraituz egingo dela.

Irailaren 7a

Azkenik, Hezkuntza sailburuak adierazi du, datorren ikasturtea ekiteko data irailaren 7a izatea aurreikusten dutela, nahiz eta oraindik ez duten hurrengo ikasturteari buruzko neurririk zehaztu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak