Mantso, baina goraka
Azken egunetan igoera mantsoa baina jarraitua ikusten da Debagoienean. Apirilaren 15az geroztik, egunero bi eta sei kasu artean baieztatu dituzte bailaran eta kasu berri guztiak Arrasate, Aretxabaleta, Bergara eta Oñati artean banatzen dira. Gaur jakitera eman dituzten bost positiboak ere lau herri horietakoak dira.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Datuak herriz herri
Kutsatze-tasa 100.000 biztanleko (2018ko INEren biztanleria datuetan oinarrituta):
Herria | Positiboak | 100.000 biztanleko kutsatze-tasa |
Arrasate | 204 | 926,47 |
Oñati | 39 | 344,07 |
Bergara | 38 | 260,35 |
Aretxabaleta | 35 | 500,93 |
Eskoriatza | 11 | 269,15 |
Antzuola | 3 | 140,45 |
Aramaio | 2 | 134,86 |
Elgeta | 2 | 176,21 |
Leintz Gatzaga | 0 | 0,00 |
Hego Euskal Herriko datuak
341 gaixo berri daude Hego Euskal Herrian; gutxien Araban eta Gipuzkoan, 30 eta 33. Bizkaian aldiz 160 kasu egiaztatu dituzte azken orduetan eta Nafarroan 118. Gainera, azken orduetan beste 25 pertsona zendu dira koronabirusarekin. Datu metatuei dagokienez, dagoeneko 17.943 lagun kutsatu ditu COVID-19 gaitzak Hego Euskal herrian eta 1.525 hil ditu.
Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko ordezkaria baikor agertu da gaurko datuen irakurketa egiterakoan. "Ospitaletan datuak positiboak" direla, eta hildako pertsonak eta gaixo berriak gutxiago izatea "seinale ona" dela esan du. Hala ere, oraindik "zuhurtziaz" jokatu behar dela azpimarratu du eta hildakoen familiei samina adierazi die.
EAEko ospitaleetan 905 pertsona daude COVID-19 gaitzaren eraginez ingresatuta; 150 Araban, 550 Bizkaian eta 205 Gipuzkoan. Arrasateko ospitalean, aurreko hiru egunetan moduan bi pertsona daude koronabirusarekin ospitaleratuta.
Bestalde, aurreko egunarekin alderatuta, positibo kopuruan egon den igoera testak gehitzearekin lotuta dagoela esan du, eta honenbestez esperotako igoera dela. Apirilaren 20an 1.898 PCR eta 1.541 test azkar egin zituzten, atzo 3.804 PCR eta 2.129 test azkar.
7.020 test
Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioa, biztanleriak COVID-19aren aurrean duen immunizazioa balioztatzeko ikerketa prestatzen ari da. Azterketa Carlos III.a Osasun Institutuk gidatuko du, INE eta autonomia erkidegoekin elkarlanean. Infekzio-prebalentzia zenbatestea da helburua, birusaren aurkako antigorputzak zehaztuz autonomia erkidegoen, probintzien, adinaren eta sexuaren arabera.
Zehaztu dutenez astelehenetik aurrera hasiko dira proba horiek egiten. Espainian estatuan 90.000 test egingo dituzte eta horietatik 7.020 Hego Euskal Herrian: 1.200 Araban, 1.620 Gipuzkoan, 2.040 Bizkaian eta 2.160 Nafarroan. Aurreratu dutenez, proba egiteko aukeratutako pertsonei telefonoz deituko diete informazioa eman, baimena eskatu eta zita zehazteko.