Aldunditik eta Osakidetzatik martxoaren hasieran egoitza zentroetara bidalitako protokoloek eszenatoki desberdinak jasotzen dituzte, eta kasu bakoitzean hartu beharreko neurriak zehazten dira. Neurri horietako batek erreferentzia egiten dio zentroen sektorizazioari, gune ezberdinetan banatzeko helburuarekin, kasu positiboak, susmagarriak eta negatiboak bananduz. "Zentro askotan ez da samurra den lana, izan ere, egoitza batetik bestera, eraikinen ezaugarri fisikoak eta estrukturalak ez dira berdinak, eta horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak beharrezko ikusi du aholkularitza tekniko zerbitzu indibidualizatua eskaintzea egoitza zentroei", esan du Eider Mendoza foru bozeramaileak. Gaineratu du "hemendik aurrera ere zentroen eskari guztiei erantzuna ematen jarraituko dela eta maila teknikoan laguntza indibidualizatua ematen ere jarraituko dela".