Iturbide egoitzako hainbat langile ez datoz bat ELAk salatutakoarekin

Mirari Altube Arrese 2020ko api. 21a, 15:59

Iturbide egoitzak kezka eragin du azken bi hilabeteotan; izan ere, Debagoieneko egoitzen artean  da kasu positibo (43) eta heriotza gehien izan dituena (21), gaur gaurkoz. Ildo horretatik, ELA sindikatuak adierazi zuen joan den astean salaketa jarriko duela egoitza kudeatzen dutenen aurka. Iturbideko hainbat langile, baina, ez datoz bat horrekin, eta halaxe adierazi diote GOIENAri.

Iturbiden izandako heriotzak "kudeaketa txarraren ondorio" direla argudiatuz salaketa jarriko duela egoitza kudeatzen dutenen aurka iragarri zuen ELAk joan den astean. "Maskara falta eta erabilitako ekipamendu eskasa" ere salatu zituen, baita testak egiten berandu hasi izana ere, "arrisku larrian jarriz egoiliarren zein langileen bizitzak".

ELAk salatutakoekin, baina, ez datoz bat Iturbideko langile guztiak. GOIENAri jakinarazi diote horietako batzuek egoera honek "ustekabean" hartu dituela baina guztiak egon direla prest "ahal den guztia egiteko eta egoera konpontzen laguntzeko". Era berean, onartu dute lehenengo egunetan materiala urria zela eta ez zela behin bakarrik erabiltzekoa, baina egunek aurrera egin ahala, baliabideak nabarmen handitu direla gaineratu dute: "Egia da jaso dugun informazioa aldatzen joan dela jarduera-protokolo berriak argitaratu ahala, baina nahikoa profesionalak gara ohiko errutinatik kanpo lan egiten jakiteko eta egoeraren arabera inprobisatzeko". 

Gaixotasun-bajei dagokienez, ostera, zenbait baja ez direla bete onartu dute langile horiek, baina egoera ez dela ohikoa diote: "Egoeraren eraginez egoiliarren kopuruak behera egin du, eta horrekin batera, egoera normalean eskaintzen ziren arreta eta zerbitzuak. Logikoa da, beraz, gaixotasun-baja gutxiago ordezkatzea".

Iturbide egoitzako erabiltzaileek zein langileek nahikoa material badutela egoerari aurre egiteko azpimarratu dute: "Eta are garrantzitsuagoa dena, gehienok badakigula une honetan beharrezkoak garela eta prest egon behar dugula". Atzera begiratu eta nola hobetu daitekeen hausnartzeko unea iritsiko dela uste dute, baina orain ez dela hori diote. Eta eskerrak eman nahi izan dizkiete Iturbideko erabiltzaile eta senideei eskainitako laguntzagatik.

Arrasateko egoitzako ELAko atal sindikalak gaur bertan berretsi du egoiliarren eta langileen "osasuna bermatzeko baliabide guztiak" erabiliko dituela: "Profesionaltasunak ez du esan nahi zortzi egunez jarraian lanera joan behar denik, edo murrizketak dituzten langileek dena bertan behera utzi behar dutenik lanera joateko, edo gure familien osasuna arriskuan jarri behar denik edo urte osoan pairatzen dugun prekarietatea jasan behar denik".

43 kutsatu eta 21 heriotza

Foru Aldundiak eman dituen azken datuak, apirilaren 20ak, oinarri hartuta Gipuzkoako egoitza sarean 274 kasu positibo daude, horietatik 141 hil egin dira eta sendatutakoak 103 dira. Debagoienari dagokionez, lehen kasu positiboa martxoaren 27an baieztatu zen, Iturbide egoitzan hain zuzen ere, eta ordutik 43 kutsatu izan dira han, 21 heriotza, eta 17 lagunek senda-agiria jaso dute. 

Foru Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak adierazi zuen joan den astean, Aldundiarentzat zaharren egoitzak direla "lehentasun nagusia" eta "indarra" horietan jartzen ari direla. Eta horren lekuko diren hainbat neurriren berri eman zuen: sintomak dituzten guztiei proba bikoitza egitea apirilaren 10az geroztik, egoitzen desinfektatze lanak lau egunetik behin egitea, materiala esterilizatzeko makinaren erosketa, arreta psikologikoa langileendako zein senideendako eta erizain eta medikuentzako lan poltsak, besteak beste. 

Kezka iturri

Udal ordezkarien artean ere sortu du kezka Iturbidek. Ildo horretatik, Arrasateko Ahal Duguk prentsa-ohar bidez adierazi zuen Udal gobernuari eskatu ziola kutsatutako pertsonak isolatu eta beharrezko tratamendua emateko eraikin publiko edo pribatu bat egokitzea aztertzea.  EH Bilduk, ostera, krisi mahaia eratzeko eskatu ziola Udal gobernuari adierazi zuen joan den egubakoitzean, beste gai batzuen artean adinekoen egoitzan gertatzen denari jarraipena egiteko.

Iturbide egoitzaren gaineko ertz guztiak jasotzen ari da GOIENA, eta egubakoitzeko aldizkarian emango du horren guztiaren berri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak