Foru Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak jakinarazi duenez lurraldeko egoitza sarean 274 kasu positibo daude, horietatik 141 hil egin dira eta sendatutakoak ere gero eta gehiago dira, 103 hain zuzen ere. Azken orduetan alta bat izan da, lau heriotza (Zarauzko Santa Anan, Donostiako Berran eta Zumarragako Argixaon bi) eta hiru laguni diagnostikatu diote COVID-19 gaitza. Ingresatutakoen artean, ostera, 42 lagun daude Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan eta 34 ospitalean.
Babeserako materiala banatzen
Bestetik, foru bozeramaileak jakinarazi du Jaurlaritzaren Osasun Sailak bidalitako babeserako materiala osatzen jarraitzen duela Aldundiak. Egoitzek aurkeztutako beharren arabera, eta gaur egun arte, 426.500 babeserako elementu baino gehiago bidali direla adierazi du, horien artean daude 127.500 maskara eta 30.000 NBE oso. Lurraldeko egoitza sarean banatu da material hori, 240 zentrotan hain zuzen ere.
Aldundiaren materialaz gain, donazioak ere jaso direla enpresa, fundazio eta erakunde ezberdinen aldetik gaineratu du, eta horiek –Covid Euskadi, Fagor Industrial, Maier S. Coop, Orkli, Teknika eta LH zentroak...– eskertu ditu. Material horren artean daude honako hauek: maskarak, txanoak, batak, buzoak, botak, kaltzak, amantalak, babes pantailak, eskularruak, betaurrekoak, alkohol sanitarioa eta gel hidroalkoholikoa.