Beste sei positibo Debagoienean; eta Arrasatek berrehuneko langa gainditu du

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko api. 20a, 14:28

Azken orduetan baieztatutako positiboak Debagoienean. (Grafikoa: Tokikom)

EAEn jaitsiera nabarmena egon da kasu berrietan, azken orduetan 53 pertsonak eman dute positibo COVID-19 gaitzarekin; aurreko egunean 214 izan ziren. Debagoienean baina, ez da beherakadarik egon; gaur, atzo bezala, beste sei kasu berri egon dira; horietatik lau Arrasaten, eta bana Oñatin eta Bergaran.

Debagoienean orain artean 326 positibo egiaztatu dituzte. Koronabirus kasu gehienak Arrasaten atzeman dituzte, 201 guztira; Debagoienean egiaztatutako kasuen %61,7 da hori. Hala ere, azpiko grafikoan ikus daitekeen moduan, Arrasaten kasu asko atzeman badituzte ere, igoera apalagoa izan da azken egunotan. Hala, apirilaren 13tik 20ra bitartean 23 positibo berri atzeman dituzte Arrasaten; astebete lehenago 64 izan ziren.

Gainontzeko herriei dagokienez, azken astean igoera ikus daiteke Bergaran (zazpi kasu berri), Oñatin (+4), Aretxabaletan (+4) eta Eskoriatzan (+4), baina Arrasaten baino pausatuagoa da. Azkenik, datu ofizialen arabera, Antzuolan, Aramaion eta Elgetan ez da aldaketarik egon azken astean. Eta Leintz Gatzagak baieztatutako kasu barik jarraitzen du.

Datuak herriz herri

Kutsatze-tasa 100.000 biztanleko (2018ko INEren biztanleria datuetan oinarrituta):

Herria Positiboak 100.000 biztanleko kutsatze-tasa
Arrasate 201 912,85
Oñati 38 335,24
Bergara 37 253,49
Aretxabaleta 32 457,99
Eskoriatza 11 269,15
Antzuola 3 140,45
Aramaio 2 134,86
Elgeta 2 176,21
Leintz Gatzaga 0 0,00

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Hego Euskal Herriko datuak

129 positibo berri baieztatu dituzte Hego Euskal Herrian azken orduetan. Gehienak Nafarroan identifikatu dituzte, 76 guztira; 32 Bizkaian, 13 Gipuzkoan eta 8 Araban. Hildakoei dagokienez, 35 pertsona zendu dira Hego Euskal Herrian COVID-19 gaitzarekin azken orduetan. Bi datu horiek, positibo berriena eta heriotzena, azken hilabete eta erdiko kopururik txikienak dira. Hala ere, heriotza tasaren jaitsierari dagokionez, Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako ordezkariak tentuz hartu nahi izan ditu datuok, eta esan du azken egunetan aipatu dituzten "gorabehera logikoen ondorioa" dela.

Gainera, azken orduetan osatu edo ospitaleko alta 283 lagunek jaso dute Hego Euskal Herrian, eta dagoeneko 8.247 dira errekuperatuak.

Bestalde, EAEn egindako test kopuruari dagokionez, aurreko egunean baino txikiagoa izan da, 2.340 proba egin dituzte azken orduetan, eta aurreko egunean 3.650 egin ziren. Kontuan izan behar da, zifra horietan PCR probak zein test azkarrak sartzen direla, eskaintzen duten emaitzaren fidagarritasun maila ezberdina izan arren. Hala ere, bihartik aurrera, bi proba mota horien datuak bereizita emango dituztela aurreratu du Osakidetzak.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitaletan 974 pertsona daude ingresatuta, horietatik 141 ZIUn. Arrasateko ospitalean bi pertsona daude COVID-19 gaitzaren eraginez ingresatuta. Gainera, azken orduetan 43 alta eman dituzte ospitaleetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak