Alarma egoera maiatzaren 9ra luzatu baina umeentzako neurriak malgutuko dituztela iragarri du Sanchezek

Julen Iriondo 2020ko api. 18a, 21:08

Apirilaren 27tik aurrera, prebentzio neurriekin, baina 12 urtera arteko umeek "egunean tarte batez" etxetik irten ahal izango dutela esan du. Herritarrentzat, orokorrean, berriz, neurriak malgutzen maiatzaren 10etik aurrera has daitezkeela iradoki du.

Baikortasunez hasi du agerraldia Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek. Kutsatutako pertsona bakoitzak beste hiru pertsona kutsatzen zituen egoera batetik, pertsona bat baino gutxiago kutsatzen duen egoerara pasa garela adierazi du, eta pandemiaren azalera txikitzen ari dela, ondorioz. 

Lorpenak, dena den, "ez-nahikoak eta hauskorrak" direla esan du, eta ezin direla arriskuan jarri "bizkorregi hartutako erabakiekin".

"Normaltasun berria" deitu duenerako itxaron egin beharko dela gaineratu du Sanchezek. 

Osasunaren Mundu Erakundearen sei baldintzak bete beharko dira neurriak malgutzen hasi ahal izateko, esan duenez:

  • Transmisioa kontrolatuta egon beharko da eta infektatutako pertsonak identifikatuta.
  • Testen bidez kutsatu guztiak atzemateko gai izan beharko du osasun sistemak.
  • Kontrolpean izan kutsatze arrisku gehieneko eta zaurgarrien diren lekuak: ospitaleak, adineko pertsonen egoitzak...
  • Kanpotik datozen pertsonen kontrol sistema ezarri beharko da, inportatutako kutsatzeak saihesteko.
  • Prebentzio neurri zorrotzak hartu beharko dira lantegietan eta ikastetxeetan.
  • Informazio osoa izan beharko dute herritarrek, eta herritar orok egon beharko du konprometituta higiene eta gizarte distantzia neurriekin.

Sanchezek adierazi du ez duela zalantzarik eta helburu horiek beteko direla.

Konfinamendua altsa eta hurrengo fasera pasatzerik oraindik ez dagoela adierazi du, beraz, eta autonomia erkidegoetako presidenteei –bihar– eta Diputatuen Kongresuari –hurrengo astean– alarma egoera maiatzaren 9ra arte luzatzeko asmoa proposatuko diela berretsi du. Apirilaren 27tik aurrerako egoera aldatzen joango dela esan du, hala ere, eta batzorde zientifikoari, adituei, psikologoei eta pediatrei entzunda umeentzako neurriak malgutu egingo dituztela. Adierazi du malgutzea "neurtua" izango dela, eta kutsatzeak saihesteko baldintzak bete beharko direla. Malgutze honek 12 urte arteko umeei eragingo liekela argitu du, erabat zehaztu gabe dagoela aitortu arren. 

Hori umeentzat; herritar ororentzat, berriz, konfinamendua malgutzen maiatzaren 10etik aurrera joan ahalko direla iradoki du; hori bai, esan du zorrotz zainduko dutela une hartatik aurrera birusaren hedapenak ze bilakaera duen eta osasun sistema ze egoeratan dagoen. Datu horiek ezkorrak balira, atzera egingo luketela gehitu du. 

Amaitzeko, berriro azpimarratu du Sanchezek datorrena "normaltasun berria" izango dela, bai gizarte harremanei eta bai aktibitate ekonomikoari dagokionez. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak