Eguerdian egindako agerraldian esan du Murga sailburuak "kasu berriak detektatzen eta isolatzen" jarraitzea dela asmoa, eta beraz, detekzio probak egiten jarraituko dutela. Gaineratu duenez, azken egunetan zaharren egoitzetako egoiliar eta osasun arloko langileei egin dizkiete probak, baina aurrerantzean Osakidetzako profesional guztiei test azkarrak egiten hasiko direla iragarri du, "antigorputzak zenbat profesionalek sortu dituzten identifikatzeko eta euren eta pazienteen segurtasuna indartzeko".
Hala, ZIUetako langileei eta larrialdietako pertsonalari edo gaitza duten pazienteak artatzen aritu direnei egingo dizkiete testak lehenbizi. Gero, kirurgietako taldeei eta paziente onkohematologikoak artatzen dituzten unitateetako pertsonalari ere egingo dizkiete. Jarraian Osakidetzako gainerako profesional guztiengana heldu gura dutela aitortu du Murga sailburuak: "Progresiboki egingo dugu lan, langilee guztiengana heldu arte; 35.000 pertsona baino gehiagorengana".