Jaurlaritzarentzat autonomoak eta enpresa txikiak "euskal ekonomia" ez ote diren dio EH Bilduk

Julen Iriondo 2020ko api. 18a, 14:11

Agerraldia egin du eguerdian Maddalen Iriartek, eta autonomoak laguntzera Jaurlaritzak bideratuko dituen 30 milioi euroak ere ez direla nahikoa adierazi du. Urkullu lehendakariak umeak kalera ateratzeko aukeraz atzo esandakoei buruz, berriz, zalantzan jarri du gaur gaurkoz data bat jartzea zuzena ote den, eta azpimarratu du erabakia zientzialarien esanetan oinarritu behar dela.

Maddalen Iriartek Eusko Legebiltzarraren atzoko diputazio iraunkorraren bilera izan du hizpide aurrena, eta adierazi du arlo desberdinetako hainbat proposamen eraman zituela hara EH Bilduk; azpimarratu ditu autonomoei laguntzeko proposamenak, eta esan euren proposamen denak atzera bota zituzten bitartean, gobernuko alderdiek zerga salbuespenetara mugatu zituztela osasun krisiak eragindako ondorioei aurre egiteko neuriak. Eta EH Bildu ados dagoela zerga salbuespenekin, baina ez dela nahikoa.

EH Bilduren esanetan, argi zegoen ez zirela nahikoa, ezta ere, autonomoendako laguntzetara Eusko Jaurlaritzak bideratutako 3 milioi euroak, eta Iriartek adierazi du laguntza banatzeko modua "gutxienez arraroa" zela. Laguntza eskaera ugari eta hainbat autonomoren haserrea gertatu ostean, Jaurlaritzak adierazi zuen 30 milioi euro izango direla, azkenean, laguntzotara bideratuko dituztenak. Nahikoa izan gabe jarraitzen du EH Bildurentzat: "Nafarroan, EH Bilduren ekimena jasota, eta EAEn baino bost aldiz biztanle gutxiagorekin, 40 milioira iritsiko dira laguntzak, eta zabalgarriak dira", zioen Iriartek. Eta gaineratu du: "EAJk dio ekonomia lehenetsi behar dela. Ez al dira euskal ekonomia milaka autonomo eta enpresa txikiak?". Helburuak "herritarren ongia" izan behar duela adierazi du EH Bilduko ordezkariak, "ez eliteena bakarrik".

Elkarrizketarako esparru bat ere eskatu du Iriartek, "erakunde, alderdi, sindikatu, patronal eta eragile ekonomiko eta sozialekin", azaldu duenez, krisi honen ondorioei "bermeekin aurre egin ahal izateko" plan bat adosteko.

Kazetarien galderei erantzunez, bestetik, Urkullu lehendakariak deskonfinamendura begira atzo adierazitakoak izan ditu hizpide. Haurrak etxetik ateratzeaz esan du horretarako gogoa orokorra dela, baina zientzialarien esanetan oinarritu behar dela erabakia: "Ez dakit data batetaz hitz egin daitekeen Urkulluk egin zuen bezala. Piskanaka egin beharko da, ordenatuta, planifikatuta. Esfortzu handi honen  ostean, gauzak tentuz eta ondo egin behar dira".

Lehendakariarekiko harremanaz, azkenik, Maddalen Iriartek adierazi du ez dela harekin egon hauteskundeak bertan behera uzteko bilera egin zen egunetik, lehendakariak ez diola deitu, eta EH Bilduk egindako proposamenei ez dietela erantzun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak