Bi kasu berri baieztatu ostean, 314 kutsatu daude Debagoienean

Maialen Santos 2020ko api. 18a, 13:57

Gaur jakitera eman dituzten datuen arabera, soilik bi kasu berri baieztaztu dituzte Debagoienean azken orduetan; bat Oñatin eta bestea Aretxabaletan. Gauzak horrela, Debagoienean dagoeneko 314 dira koronabirusak kutsatutako pertsonak. Leintz Gatzagak jarraitzen du izaten kutsaturik gabeko herri bakarra.

Osakidetzak atzoko 20:00ak arteko datuak jakinarazi ditu, hala, EAEn COVID-19 gaitza duten 266 kasu berri daude eta baieztatutako kasuak, guztira, 12.355 dira dagoeneko –horietatik 1.076 daude ospitalean ingresatuta–.

Bizkaian 6.868 kutsatu daude eta 664 lagun daude ospitalean. Araban 3.194 positibo zenbatu dituzte guztira eta 174 pertsona ospitalean daude. Gipuzkoak atzetik jarraitzen du, 2.293 kasu positibo daude guztira. Gainera, Gipuzkoan, 238 gaixo daude ospitalean, horietatik bat Arrasateko ospitalean.

Datu positiboei dagokienez, 141 alta egon dira dagoeneko EAEko ospitaletan, horietatik bi Arrasaten. Guztiz sendatutakoei dagokienez, 6.566 pertsona daude erregistratuta orain arte.

Azken orduetan 28 pertsona hil dira gaitzaren eraginez EAEn, eta ondorioz, 1.020 dira hildakoak, guztira. Hala eta guztiz ere, Nekane Murga Osasun sailburuak azaldu du aurreko egunean baino 67 pertsona gutxiago daudela ingresatuta, eta aldiz, 13 pertsona gutxiago ari direla zainketa intentsiboak jasotzen.

Datuak herriz herri

Kutsatze-tasa 100.000 biztanleko (2018ko INEren biztanleria datuetan oinarrituta):

Herria Positiboak 1000.000 biztanleko tasa
Arrasate 194 881,06
Oñati 37 326,42
Bergara 33 226,09
Aretxabaleta 32 457,99
Eskoriatza 11 269,15
Antzuola 3 140,45
Aramaio 2 134,86
Elgeta 2 176,21
Leintz Gatzaga 0 0,00

Positiboen banaketa bailarako herrien artean:

Detekzio proba gero eta gehiago

Bestalde, Murga osasun sailburuak adierazi du "kasu berriak detektatzen eta isolatzen" jarraitzeko asmoa dutela, eta horrenbestez, detekzio proba "gero eta gehiago" egiten ari direla; atzo 2.999 proba egin zituzten guztira, eta horietatik %9ak eman zuen positibo, "orain arteko potzentzaia baxuena". Gaineratu duenez, azken egunetan zaharren egoitzetako egoiliar eta langileei egin dizkiete probak, eta ildo beretik jarraituko dute aurrerantzean: "Osakidetzako profesional guztiei test azkarrak egiten hasiko gara datozen egunetan". Oro har, esan du azken egunetako datuek "eboluzio positiboa" erakusten dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak