Hamar lagun sendatu dira Iturbiden, eta beste kutsatu eta hildakorik ez, Debagoieneko egoitzetan

Julen Iriondo 2020ko api. 17a, 19:14

Ia astebete ondoren –apirilaren 11tik–, hildako egoiliarrik gabeko eguna, gaur, Arrasateko Iturbiden. Gipuzkoan sendatu diren adineko denak, gainera, bertakoak dira, hamar denera.

64 adineko pertsona dira denera Gipuzkoan sendatu direnak. Azken orduetan hildakoak, berriz, Eibarko Egogain eta Zumarragako Argixao egoitzetako egoiliarrak ziren. Beste sei positibo ere izan dira Gipuzkoan, baina bat ere ez Debagoienean.

Gipuzkoako adineko pertsonen 65 egoitzetan 127 pertsona hil dira orain arte, 290 daude COVID-19an positibo emanda, eta 64 sendatu dira, esan bezala.

Beste alde batetik, Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak jakinarazi du Diputazioak eta Jaurlaritzaren Osasun Sailak, Aita Menniren aholkularitza teknikoarekin, inspekzioak egin dituztela azken egunean, zentro hauetan: Aldakonea (Donostia), San Pedro (Pasaia), Santiago (Villabona), San Juan Bautista (Andoain), San Gabriel (Hondarribia), Inmanulada (Irun), San Jose (Azkoitia) eta Gisasola (Zestoa). Era berean, desinfekzioak egin dituzte gaur Arangoitin (Beasain) eta San Josen (Ordizia), eta bihar egingo dituzte San Andresen (Eibar) eta Santa Cruzen (Legazpi), foru suhiltzaileen eta Donostiako Udalekoen, DYAko boluntarioen eta ekipo profesional espezializatuen eskutik.

Bilboko aireportuarekin konexioa

Astelehenetik aurrera, hilak 20, eta abisu berririk izan arte, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa departamentuak erabaki du bertan behera utziko dituela Lurraldebusen Loiuko aireporturako zerbitzuak, tartean, Arrasatekoa.

Aurre erosketarekin, apirilaren 20an linea horietakoren bateko zerbitzuren batean bidaiatzeko txartela eskuratua duten pertsonek bidaia egin ahal izango dute, dena den.

Olanoren bilera, Txoke Plana kudeatzeko lantaldearekin

 

Markel Olano diputatu nagusiak Foru Aldundiaren Txoke Plana kudeatzeko lantaldearekin bilera egin zuen atzo. "Gure gizarte zerbitzuen eskarmentu eta gaitasun guztia ari gara bideratzen adinekoen egoitzetara", adierazi zuen Olanok, eta gizarte zerbitzuetako langile guztien "konpromiso eta lan ona" aitortu zituen.

Ahaldun nagusiaren eta Txoke Plana kudeatzeko lantaldearen arteko topaketa Txara II eraikinean izan zen, Gizarte Politikako departamentuaren egoitzan, lurraldeko egoitzetan banatzen ari diren babeserako materiala jasotzen den lekuan. Azken asteotan, Gizarte Politika departamentuak bertatik kudeatu eta banatzen ditu egoitzetako langileentzako babes materialak, "betiere zentro bakoitzaren eguneroko beharren arabera", Diputazioak adierazi duenez: "Krisia hasi zenetik, Gizarte Politika departamentuak, jada, 100.000 maskara eta 30.000 Norberaren Babeserako Ekipamendu bidali ditu lurraldeko zentro sarera. Material hau Osakidetzak banatzen duenaren osagarria da".

Hain zuzen ere, material banaketaren areagotzea COVID-19 gaitzari aurre egiteko martxan jarritako Txoke Plan foralean aurreikusitako neurrietako bat da, Aldundiaren arabera.

Horrez gain, Diputazioak jakinarazi du maskarak esterilizatzeko makina bat erosi duela, eta horiek "hiru aldiz berrerabiltzea" ahalbidetuko duela horrek.

Azkenik, Aldundiak adierazi du "zentro guztien eguneroko jarraipena" egiten ari direla, "momentu oro monitorizatuz gaixotasunaren bilakaera eta zentro bakoitzak dituen material eta formakuntza beharrak, bai eta hartu dituzten aurre hartze neurriak ere".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak