Klimaren aldeko ekimen globala antolatu dute apirilaren 24rako

Maialen Regueiro 2020ko apirilaren 16a

Gaur egungo osasun larrialdia eta ondorengo irteera ekonomikoaren testuinguruan, Fridays For Future, 2020 Rebelion Por El Clima eta Alianza Por El Clima elkarteen babesean, ehunka erakunde sozialek klimaren aldeko ekintza global bat gauzatzeko deia egin dute apirilaren 24rako, klimaren krisiak pil-pilean dirauelako. EAEn, hiru hiriburuetako Fridays For Future taldeetatik eta Arrasatekotik egin dute deialdia.

Ekimenak ingurumena eta pertsonak erdigunean jartzearekin batera, justizia soziala eta klimatikoko irizpideak izango duen itzulera aldarrikatuko du. Gauzak horrela, apirilaren 24ean, 22:00etan, balkoietatik etxe-aurretarantz soinu eta itzalak proiektatzea eta argazki eta bideoak sare sozialetan erakustea eskatu dute antolatzaileek. 

Ekimen honen antolatzaileek gogorarazi dute krisi klimatikoa errealitate gordina dela, buruzagi askok onartu ez duten arren. Horregatik, gobernuak larrialdi klimatikoaren egoera bere gain hartu beharko lukeela eta neurri zorrotzak hartu beharko lituzkeelakoan daude erakunde sozialak. Izan ere, azpimarratu dute, gaur egun larrialdi klimatikoren aurrean irmo jokatzen bada, etorkizunean ingurumenak eta gizarteak inpaktu okerrenak jasatea saihestuko litzatekeela. Gauzak horrela, eragile sozialek proposatzen dute jarduera ekonomikoa modu klimatiko eta zuzen batean eraldatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak