Azken heriotzak eman diren egoitzak izan dira Iturbide (Arrasate), Arangoiti (Beasain), Berra (Donostia), Egogain (Eibar), San Andres (Eibar) eta Santa Ana (Zarautz).
Guztira, Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan COVID-19arekin positibo emandako 117 lagun hil dira, 314 kasu positibo daude eta 31 sendatu dira. Hamasei izaten jarraitzen dute positiboren bat izan duten egoitzak, 38 lagun eraman dituzte Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora eta 37 ospitaleratuta daude.
Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak azaldu du "egunero" iristen zaizkiela "mezuak eta eskaintzak partikularren, erakunde sozialen, instituzio publikoen eta enpresen aldetik, guztiak laguntzeko eta lankidetzarako prest", eta Gipuzkoako Foru Aldunditik "biziki" eskertzen dituztela elkartasun keinu guztiak, eta "une konplikatu hauetan benetan ongietorriak" direla.
Mendozak esker ona azaldu die egoitza baliabideetako erabiltzaileen senitartekoei, baita ekipo profesionalei eta osasun langileei ere, "birusaren hedapena gelditzeko" lanean ari direlako, eta gaineratu du "elkarlana" izango dela egoera hau "arrakastaz gainditzeko giltzarria".