Iturbideko lau egoiliar hil dira azken orduetan

Julen Iriondo 2020ko api. 14a, 19:39

Gipuzkoako egoitzetan hamabi lagun hil dira denera; herena, Arrasaten. Kutsatuak, berriz, hamazazpi izan dira, horietako lau, Aretxabaletako egoitzan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, azken heriotzak eman diren egoitzak izan dira Eibarko Egogain, Zumaiako Otezuri, Arrasateko Iturbide, Ordiziako San Jose, Zumarragako Argixao eta Donostiako Berra.

Sendatu, berriz, bi lagun egin dira azken orduetan Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan.

Hamasei izaten jarraitzen dute COVID-19 kasu positiboak dituzten adineko pertsonen egoitzak, 37 lagun eraman dituzte Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora eta 35 ospitaleratuta daude.

Gaur arte, adineko 28 lagunek jaso dute alta, 111 hil dira eta 305 kasu positibo daude. 

Beste alde batetik, eta desgaitasuna duten pertsonen egoitzen egoerari dagokionez, Hondarribiko Uliazpiren zentroan positibo emandako hamahiru pertsonak sendatu egin direla azaldu du Diputazioak; beraz, egoitza horretan jada ez dute kasu positiborik.

Desgaitasuna duten pertsonen bi egoitzak dituzte kasu positiboak: Donostiako Uliazpiren zentroak, kasu bakarrarekin; eta Donostiako Iza egoitzak, birekin, azken orduetan kasu positibo bat gehiago eman ondoren.

Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak azpimarratu du erakundea ahalegin handia egiten ari dela "COVID-19aren hedapena geldiarazteko" lurraldeko gizarte baliabideetan, 7.000 lagun artatzen diren 240 zentroz osatutako sarean. Gaineratu du, elkarlana dela egiten ari diren lanaren oinarria, bai Osakidetza eta Osasun Sailarekin, baita udalekin, egoitzekin eta hirugarren sektoreko eragileekin ere: “Elkarlana giltzarria izaten ari da hain konplexua den egoera honi erantzuna ematerako garaian, oso une delikatuak igarotzen ari gara, eta benetan eskertzen dugu alde guztiak egiten ari diren ahalegina eta lana”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak