Beste hiru egoiliar hil dira Iturbide egoitzan

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko api. 13a, 18:57

Arrasateko Iturbide egoitzaren sarrera.

Aldundiak jakitera eman duenez zortzi lagun hil dira azken orduetan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Hamarrek positibo eman dute COVID-19 gaitzan eta bat sendatu egin da. Hildakoen artean hiru Arrasateko Iturbide egoitzako egoiliarrak ziren.

Eider Mendoza foru bozeramaileak eman ditu datuak iluntzean. Gipuazkoan 65 zentro daudela ere esan du eta 5.425 pertsona artatzen direla guztira. Gaur arte, 26 lagunek gainditu dute gaixotasuna, azkenak Zarauzko Santa Ana egoitzan; aldiz, hildakoen kopurua 99koa da eta 302k diagnostiko positiboarekin jarraitzen dute. Azken heriotzak eman dira Arrasateko Iturbiden (3), Donostiako Berran (1), Ordiziako San Josen (2) eta Zumarragako Argixaon (2). 16 dira oraindik ere birusak eragindako zentroak Gipuzkoan, 33 lagun Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan daude eta 36 ospitaleratuta. Arrasateko Iturbide egoitzan, dagoeneko, 13 egoiliar hil dira.

Frogak egoiliarrei eta langileei

Osakidetza Gipuzkoako egoitzetako egoiliarrei eta langileei frogak egiten ari dela ere esan du Mendozak, test azkarrak eta PCRak bateratuz. Debagoienera begiratuta eta egoitzei lotuta, Arrasateko Iturbiden, Aretxabaletako GSR egoitzan eta Eskoriatzako Jose Aranan, esaterako, egoiliarrei egin zaizkie testak. Arrasatekoan eta Eskoriatzakoan  profesional guztiei egin zaizkie eta GSR Aretxabaletan plantilla erdiari. Adierazi du bihar beste egoitza batzuetan jarraituko dutela probak egiten eta datozen egunetan testak egingo zaizkiela Gipuzkoako egoitza sareko langile eta erabiltzaile guztiei.

Aldundiko bozeramaileak adierazi du sintomak zituzten langile zein egoiliarrei, Osakidetza PCR frogak egiten aritu dela, eta test azkarren iritsierarekin, sintomarik ez duten pertsonei test bikoitzak egiten zaizkiela: lehendabizi test azkarra egiten zaie, eta positibo eman ala ez, PCR froga ere egiten zaie. "Era horretan, bi frogak bateratuta, kasu asintomatikoak detektatzea posible da, baita gaixotasuna pasa dutenak eta inmunizatuta daudenak, eta momentuan gaixo daudenak ere", Mendozaren esanetan.

Eider Mendozak bere esker ona adierazi die egoitzetako langile guztiei, senitartekoei eta egoiliarrei, baita Osakidetzari eta osasun langile guztiei ere: "Beraien ezagutzarik, lankidetzarik eta laguntzarik gabe ez litzatekeelako posible izango gaixotasun honi aurre egitea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak