Gipuzkoako Foru Aldundiak arratsaldean emandako datuen arabera guztira 15 lagun hil dira eta 20k eman dute positibo azken orduetan -atzotik 13:00ak arte- Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan. Guztira, beraz, 91 heriotza eman dira, 301 positibo eta 25 lagun sendatu dira.
Azken heriotzak eman diren egoitzak izan dira Iturbide (Arrasate), Berra (Donostia), Egogain (Eibar), San Jose (Ordizia), Iurreamendi (Tolosa), Santa Ana (Zarautz) eta Otezuri (Zumaia). Atzoko datuekin alderatuz, azken orduetan egoitza bat gehitu da positiboak dituztenen zerrendara, Eskoriatzako Jose Arana, bi kasu asintomatiko atzemanda; hortaz, 16 dira guztira COVID-19ak eragindako egoitzak. Bestalde, 35 pertsona eraman dira Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora eta 36 daude ospitaleratuta.
Desinfektazioa
Eider Mendoza foru bozeramaileak adierazi du egun hauetan indartu egin dituztela desinfekzioak egoitzetan eta lau egunean behin egiten ari direla suhiltzaileen eta DYAko boluntarioen aldetik, gune komunetan, eta enpresa espezializatu baten eskutik logeletan. Gaur, esaterako, Aretxabaletako GSR egoitza, Donostiako La Paz eta Hondarribiko Caser Residencial Betharram desinfektatu dituzte. Bihar Donostiako Berran eta Eskoriatzako Jose Aranan egingo dituzte lan horiek.
Materialaren banaketari dagokionez, foru bozeramaileak adierazi du Gipuzkoako Foru Aldunditik "sekulako" ahalegina egiten dela lurraldeko egoitza zentro guztiak babeserako materialaz hornitzeko. "Egoitzekin dugun harremana egunerokoa da, gaixotasunaren bilakaera ezagutzeko, babeserako materialaren inguruko beharrak asetzeko, baita babeserako neurrien eta zentroen sektorizazioaren inguruko aholkularitza eta formakuntzarako ere", azaldu du Mendozak.