Datorren astean itzuliko dira lanera oinarrizkoak ez diren lan jardueretan aritzen diren beharginak, bi asteren ostean. Hala, maskarak erabiltzea gomendatu du Espainiako gobernuak, batez ere "distantzia soziala gordetzea zaila den lekueta, hala nola garraio publikoan". Dena den, zehaztu dutenez, hauen erabilera ez da derrigorrezkoa izango.
Erabilera bermatzeko, garraio publikoaren geltokietan maskarak banatzen hasiko dira. Banaketa astelehenean eta asteartean egingo dela adierazi dute, eta astelehena jai eguna den erkidegoetan, asteartean eta asteazkenean. Banaketa egiteaz erkidegoetako poliziak, udaltzaingoak eta Babes Zibila arduratuko direla zehaztu dute.
Irizpide aldaketa
Sintomarik ez duten pertsonen artean kutsadurak sor daitezkeela egiaztatu ondoren, Espainiako gobernuak Gaixotasunak kontrolatzeko eta prebenitzeko Europako zentroak aste honetan erabakitako irizpide-aldaketa jarraitu nahi izan du; hasiera batean sintomak zituzten pertsonei baino ez zien aholkatzen maskara erabiltzea, orain herritar guztiei zabaldu die gomendioa.
Neurri "osagarria"
Dena den, erabiltzea gomendatzen duten maskara mota ez da kirurgikoa, hau da osasun-langileentzat gomendatuta dagoena, ezta iragazkikoa ere, gaixoekin tratatzen dutenek erabiltzen dutena. Herritar guztientzat zuzendutako maskara horiek, maskara higienikoen mailakoak direla jakinarazi dute Madrildik. Neurria Osasun Ministerioak prestatutako gida baten parte da eta besteak beste, eskuen higienea edota pertsonen artean metro bateko tartea errespetatu beharra batzen dira bertan. Azaldu dutenez, maskaren erabilera neurri horien "osagarri" da.
Ahal den neurrian, garraio publikoa erabili beharrean lanera "beste bide batzuk erabiliz" joatea gomendatu dute; oinez, bizikletaz edo ibilgailu partikularretan. Horietan ere, higiene-arauak "zorrotz" bete beharko direla zehaztu dute.