Gaurkoan jakinarazi dituzten 14 koronabirus kasu positibo berriekin, guztira 269 pertsona kutsatu ditu Debagoienean COVID-19 gaitzak orain arte. Horietatik, Arrasaten 168 kasu baieztatu dituzte, 32 Oñatin, 28 Bergaran, 27 Aretxabaletan, 8 Eskoriatzan, hiru Antzuolan, bi Aramaion, eta bakarra Elgetan. Leintza Gatzaga ez dago positiborik oraingoz.
Jaurlaritzak emandako datuen arabera, atzo 1.498 test egin ziren, eta haietatik % 76k negatibo eman zuten. Osakidetzak egunero kutsatutakoen kopurua herrika ematen duen arren, herri bakoitzeko hildakoen eta egindako test kopuruaren inguruan ez du informaziorik ematen, nahiz eta galdetu.
Herriz herri, Arrasate da kasu gehien dituen herria 168, eta baita 100.000 biztanleko kutsatze-tasa altuena duena ere: 762,98. Oñati da baieztatutako kasu gehien dituen bigarren herria, 32 zehazki, hala ere, kutsatze-tasari dagokionez hirugarren postuan dago; 100.000 biztanleko 282,31 da kutsatze-tasa.
Bestalde, kasu positiboetan Aretxabaleta 4. udalerria bada ere, 6.987 biztanle eta baieztatutako 27 kasu dauzka, kutsatze-tasa 386,43 da; Debagoieneko bigarren altuena Arrasateren atzetik. Eskoriatzak du laugarren kutsatze tasarik altuena; 4.087 biztalenlerekin 8 positibo daude, kutsatze tasa 195,74 izanik. Bergaran berriz, 28 kasu daude baieztatuta eta 14.596 biztanlerekin, kutsatze-tasa 191,83an kokatzen da.
Herria | Positiboak | 100.000 biztanleko tasa |
Arrasate | 168 | 762,98 |
Aretxabaleta | 27 | 388,43 |
Oñati | 32 | 282,31 |
Eskoriatza | 8 | 195,74 |
Bergara | 28 | 191,83 |
Antzuola | 3 | 140,45 |
Aramaio | 2 | 134,86 |
Elgeta | 1 | 88,11 |
Aramaio | 0 | 0,00 |
Debagoienak Gipuzkoa mailan bigarren eskualde kutsatuena izaten jarraitzen du, Donostialdearen atzetik. Dena den, azken orduetan kasu berri gehien erregistratu dituztenen artean dago Debagoiena. Donostialdearekin batera 14 positibo atzeman dira gurean, Debabarrenean soilik atzeman dituzte kopuru hori baino positibo berri gehiago; hain zuzen ere 15 erregistatu dira bertan. Era berean, Arrasateko Ospitalean 11 pertsona daude ospitaleratuta koronabirusa dela eta, eta bi alta eman zituzten atzo.
Hego Euskal Herria
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako azken datuen arabera –atzo 20:00ak artekoak–, EAEn 412 positibo berri baieztatu dituzte. Era berean, Nafarroan atzokoan 69 kasu berri atzeman zituzten. Guztira, 481 positibo berri daude Hego Euskal Herrian gaurkoan.
481 kasu berrien erdiak Bizkaian atzeman dituzte, 243 zehazki. Araban, bestalde, 57 kutsatu berri baieztatu dituzte eta Gipuzkoan 59. Nafarroan, esan bezala, 69 kutsatu berri identifikatu dituzte azken orduetan.
Honenbestez, Hego Euskal Herrian 481 positibo berri zenbatu dituzte azken orduetan, eta denera 14.332 lagun kutsatu dira orain artean. Hildakoei dagokienez, 45 izan dira, eta guztira, 992 dira dagoeneko.
Bestalde, errekuperatuak deritzona, hau da, osatuak eta ospitaleko alta jaso dutenak 104 izan dira azken orduetan. Orain arte 5.344 izan dira guztira Hego Euskal Herrian.
Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Lehen Mailako Arretako zentroak irekita
Nekane Murga Osasun sailburuak gaur egindako prentsaurrekoan azaldu duenez, Lehen Mailako Arretako zentroak irekita daude Aste Santuan, eta asteburu honetan arnas patologietarako erreferentziazko zentroak indartu egin direla jakinarazi du.
Era berean, atzo, apirilak 10, zentro horietan izandako datuak eman ditu ezagutzera: Hain zuzen ere, familia-medikuntzako zuzeneko 366 kontsulta egin ziren COVID pazienteekin, horietako 33 euren etxeetan. Telefonozko arretari dagokionez, 714 hitzordu egin ziren eta zehaztu duenez, jarraipen arruntekoak izan ziren % 80 inguru. Hau da, sintomatologia arina duten pazienteen egoera ezagutzeko deiak. Hala, jarraipen intentsiborako deiak %20 izan ziren, egoera moderatua duten pazienteei zuzenduak.