Goizeko zortzietan zabaldu dituzte Oñatiko eta Bergarako azokak eta herritarrak ere goiz ibili dira. Zubikoa kiroldegiko kantxa urdinean egin dute Oñatikoa, aurreko astean moduan, eta lehenengo ordutik hantxe zeuden kazetariak izan da ezohiko gertaera.
"Berandu heldu zen dekretua ezer aldatzeko, jai egunak tarteko, eta aurrera egitea erabaki genuen. Jaiegun bezpera izanik, ordurako antolatua genuen gaurko azoka, nekazari eta baserritarrek jasoa zuten abisua, prest zituzten euren produktuak. Bertan behera uzteak, prestatutakoaren zati handi bat hondatzea ekarriko luke, besteren artean. Gainera, beste supermerkatu askotan baino segurtasun neurri handiagoak betetzen dira hemen. Azoka normalean egiten den tokia estuagoa da eta kontzientziaz erabaki genuen lehen astean azokarik ez egitea, baina gaia aztertu eta kiroldegiko kantxan egitea erabaki genuen, beharrezko neurriak hartuta. Zorrotz mantentzen dira neurriak eta azoka honek ez du zerikusirik astero egiten denarekin. Nik uste dut bermatuta dagoela segurtasuna eta ez dela arazorik egon behar", adierazi du Izaro Elorza alkateak.
Dekretuari buruz galdetuta, kontra daudela adierazi du Elorzak: "Eskatzen diogu dekretuari buelta emateko. Pertsonak eta segurtasuna gura badituzte erdigunean jarri eta lehen sektoreari benetako laguntza eman, buelta bat eman behar diote dekretuari. Baserritarrei inoiz baino gehiago lagundu behar diegu produktuak ateratzen". Herritar batek eskerrak ere eman dio Elorzari hartutako erabakiagatik.
Produktuak saltzera joan diren ekoizleak ere pozik azoka egin delako. Atzoko albisteengatik jende apur bat gehiago ere nabaritu dutela aitortu du, Ortuzabala elkarteko Asier Garai Zabaletak. "Aurpegi berriak ere ikusi ditugu, bai". Otarrak egiten dituzte Ortuzabala elkartekoek eta jatetxeetara saldu ere bai, baina orain jatetxeak itxita daude eta azoken beharra dutela dio Garaik, azokak inportanteak direla. Dekretua "oso neurriz kanpokoa" iruditu zaie. "Bere momentuan Espainiak neurri zorrotzak jarri zituen eta orain beste ostikada bat jaso dugu ustez gurea den Eusko Jaurlaritzatik. Zentzugabekoa izan da", gaineratu du Garaik. Erabiltzaileendako eskaria ere izan du Garaik: "Jendeari babesa eskatzea gurako nuke. Atxikimenduak jasotzeko iniziatiba martxan dago eta horri batzeko. Eta erabiltzaile moduan, bakoitzak bere udal agintariei eskatzeko azokak zabalik mantentzeko. Guretzat bizia dira, osasuna erosleendako eta elikadura estrategikoa dute herriak bizitzeko".
Bergaran ere jendea Oxirondo azokan
Bergaran ere joan dira herritarrak Oxirondoko azokara. Jaurlaritzaren dekretua ez dutela ulertzen adierazi du ekoizle batek baino gehiagok. "Beste interes batzuk daudela garbi ikusten dugu, supermerkatuak egongo dira honen atzean", adierazi du Karmen Etxebarria berdura eta ogi saltzaileak.
Oñatin ez bezala Bergaran Oxirondo eraikin barruan egiten da baserritarren azoka eta eraikin horretako establezimenduek urte osorako kontzesioa dute, nahiz eta azoka egunetan jende gehiago elkartzen den. Baina, berez, janaria saltzen duen beste edozein denda moduan egon daiteke zabalik Oxirondo azoka. "Lehen sektorea estrategikoa da eta zuzeneko salmentarako aukera behar dute eduki produktu horien ekoizleek", adierazi du Bergarako alkateak, Gorka Artolak.
Bi ilara egin dituzte gaur Bergarako azokan: barazkiendako bata eta fruta erosteko bestea, eta erabaki hau gehiago gustatu zaie saltzaileei. "Joan den astean elkarri begira egoten ginen momentu batzuetan, eta orain eten barik dabil jendea", adierazi du etxeko barazkiak saltzera ekarri dituen ekoizle batek.