Guztira 255 kutsatu daude Debagoienean, sei positibo berri baieztatu ostean

Jone Olabarria 2020ko api. 10a, 13:47

Gaur jakitera eman dituzten datuen arabera, soilik sei kasu berri atzeman dituzte Debagoienean azken orduetan; hiru Arrasaten, bi Oñatin eta bat Antzuolan. Beherakada nabarmena da atzoko 29 positiboekin alderatuta, are gehiago kontuan hartuta egindako test kopurua berdintsua izan dela. Bestalde, Hego Euskal Herrian 469 kutsatu berri identifikatu dituzte azken orduetan.

Debagoienean, guztira, 255 pertsonak harrapatu dute COVID-19 gaitza eta bailan 100.000 biztanleko kutsatze-tasa 398,30 da . Herriz herri, Arrasate da kasu gehien dituen herria, 160 positiborekin, eta baita 100.000 biztanleko kutsatze-tasa altuena duena: 726,65 (2018ko biztanleria datuen arabera). Oñati da baieztatutako kasu gehien dituen bigarren herria, 30 hain zuzen ere, hala ere, kutsatze-tasari dagokionez hirugarren postuan dago; 100.000 biztanleko 264,67 da kutsatze-tasa.

Hain zuzen ere, kutsatze-tasari erreparatuta Aretxabaleta dago bigarren postuan; 6.987 biztanle eta baieztatutako 25 kasu dauzka, kutsatze-tasa 357,81 da. Dena den, 4. postuan dago kasu positiboei dagokienez. Eskoriatzak du laugarren kutsatze tasarik altuena; 4.087 biztalenlerekin 8 positibo daude, kutsatze tasa 195,74 izanik.

Herria Positiboak 100.000 biztanleko tasa
Arrasate 160 726,65 (1. postua)
Oñati 30 264,67 (3. postua)
Bergara 26 178,13 (5. postua)
Aretxabaleta 25 357,81 (2. postua)
Eskoriatza 8 195,74 (4. postua)
Antzuola 3 140,45 (6. postua)
Aramaio 2 134,86 (7. postua)
Elgeta 1 88,11 (8. postua)
Leintz Gatzaga 0 0,00 (9. postua)

Gipuzkoa mailan bigarren eskualde kutsatuena da Debagoiena 255 positiborekin, nahiz eta lehen postuan dagoen Donostialdearekin alde handia duen (697 positibo daude bertan). Dena den, azken orduetan kasu berri gutxien erregistratu dituztenen artean dago Debagoiena.

Bestalde, Arrasateko Ospitalean 12 pertsona daude ospitaleratuta koronabirusa dela eta, eta hiru alta eman zituzten atzo.

Hego Euskal Herria

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako azken datuen arabera –atzo 20:00ak artekoak–, EAEn 469 positibo berri baieztatu dituzte. Egindako test kopurua ere oso parekoa izan da, apirilaren 8an 1.698 egin ziren, atzo berriz, 1677. Aipatzekoa da, atzo egindako proben %82k negatibo eman zutela.

469 kasu berrien ia erdiak Bizkaian atzeman dituzte, 212 zehazki. Araban, bestalde, 38 kutsatu berri baieztatu dituzte eta Gipuzkoan 46. Nafarroan,  173 kutsatu berri identifikatu dituzte azken orduetan. Bada, Hego Euskal Herrian 469 positibo berri zenbatu dituzte azken orduetan, eta denera 13.851 lagun kutsatu dira orain artean. Hildakoei dagokienez, 44 izan dira, eta guztira, 947 dira dagoeneko.

Zainketa Intentsiboetarako arnasgailuak

Osasun Sailetik jakinarazi dutenez, Mindray markako aireztapen inbaditzaileko 40 arnasgailu iritsi dira EAEra  azken orduetan. Datozen egunetan Gurutzetako (10), Donostiako (10), Arabako (8), Basurtuko (7) eta Galdakaoko (5) Unibertsitate Ospitaleetako Zainketa Intentsiboetako Unitateetan eramango dituzte arnasgailu horiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak